Joan eduki nagusira

zoom Cristina Gómez eta Silvia Larumbe lehena eta hirugarrena ezkerretik hasita, topaketan egon direnekin

Cristina Gómez eta Silvia Larumbe lehena eta hirugarrena ezkerretik hasita, topaketan egon direnekin

Nafarroako Unibertsitate Publikoak MET-NANO Proiektuaren azken bilera ostatatu du. Proiektu hau Pirineoz gaindiko sarea da, nanomaterial metalikoak ikertu eta aplikatzeaz arduratzen dena. Frantziako eta Espainiako unibertsitateek, ikerketa zentroek eta enpresek parte hartzen dute proiektuan. MET-NANO EFA 17/08 Proiektuak Europar Batasunak kofinantzatu du, Lurralde Garapenerako Europako Funtsekin, eta Espainia-Frantzia-Andorra 2007-13 (POCTEFA) Lurralde Lankidetzarako Programa Operatboaren barruan garatu da.

Lankidetza-ekimen honen helburu nagusia da nanoteknologiaren eremuan aitzindari izango diren I+Gko zentro-sare bat egonkortzea eta finkatzea, baita zentroen eta enpresen (batez ere pymes motako enpresen) lankidetza teknologikoa bultzatzea ere. Honako hauek dira proiektu honen partaideak: Teknologia Kimiko Gainerakorren Errioxako Institutua, bultzatzaile nagusia den zentro pribatua berau, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Errioxako Unibertsitatea eta Institut National des Sciences Appliqués (LPCNO-INSA, Tolosa, Frantzia).

Gainera, MET-NANO Proiektuan pymes motako bi enpresak parte hartu dute, bana mugaz haraindiko ardatz bakoitzetik. Bi enpresa horiek hauek izan dira: AVANZARE (Espainia) eta NanoMePS (Frantzia). Biek agertu dute interesa proiektuaren garapenean eta lortutako emaitzak aplikatzean.

Ikuspuntu zientifiko-teknologikotik, proiektuaren funtsa nanopartikula multifuntzionalak garatzea eta aplikatzea izan da. Proiektuaren emaitza aipagarrienak hauek izan dira: dozena bat lan argitaratu dira nazioarteko aldizkarietan, komunikazioak aurkeztu dira nazioarteko biltzarretan (9) eta nazioko biltzarretan (4), eta bost patente eskatu dira.

NUPen parte hartzea proiektuan

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren parte-hartzea proiektuan, batez ere honako hau izan da: proiektuan garatu diren nanomaterialen propietate magnetikoak aztertzea. NUPek proiektuan eduki duen erantzule nagusia Cristina Gómez Polo Fisika Aplikatuko irakaslea izan da. Jose Ignacio Perez Landazabalek eta Vicente Recartek, Fisika Saileko irakasle titularrek, parte hartu dute proiektuan, baita ere. Hirurak dira NUPeko Materialen Propietate Fisikoak eta Aplikazioak ikerketa taldeko partaideak. Horietaz gainera, proiektuaren kontura kontrataturiko Silvia Larumbe Abuinek ere parte hartzen du. Zehatz esateko, “Síntesis, caracterización y aplicaciones de nanoestructuras magnéticas basadas en óxidos de metales de transición” izeneko doktoretza tesia egiten ari da.

Zehatzago esateko, NUPek proiektuari egin dion ekarpena core-shell egituradun nanopartikulak aztertzea izan da. Garraio-gailua bezala aritzen den nukleo ferromagnetiko batek eta estaldura batek osatzen dute sistema hauek. Estaldurak hainbat aplikaziotan (bakterizidak, katalizatzaileak, uretan materia organikoa mineralizatzeko sisteman eta aplikazio biomedikoak) erabiltzeko propietate funtzionalak ematen dizkie. Emaitza garrantzizkoenen artean aipatu behar da lau lan argitaratu direla nazioarteko hainbat aldizkaritan. Hauekin batera, beste bi lan berrazterketa-aldian daude, eta nazioarteko biltzarretan komunikazio batzuk aurkeztu dira.

Horrela, azken urtean MISM 2011 biltzarrean (Moscow International Symposium on Magnetism, Mosku, Errusia, 2011ko abuztua) ekarpen bat egin da, eta ahozko komunikazioak egin dira SMM 20 (20th International Conference on Soft Magnetic Materials, Kos Uhartea, Grezia, 2011ko iraila) eta MMM 2011 (56th Annual Conference on Magnetism and Magnetic Materials, Scottsdale, AEB, 2011ko azaroa) biltzarretan.