Joan eduki nagusira

zoom Finalisten irudia. Ezkerrean san Ignacio ikastetxea –garaileak-; erdian, epai-mahaiko kideak; eta eskuinean, El Huerto ikastetxea

Finalisten irudia. Ezkerrean san Ignacio ikastetxea –garaileak-; erdian, epai-mahaiko kideak; eta eskuinean, El Huerto ikastetxea

Iruñeko San Ignacio ikastetxeko taldea garaile atera da Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Parlamentuak antolatzen duten II. Eztabaida Torneoan. Larunbatean egin zen finala, Sarion, eta Nuestra Señora del Huertoko ordezkariak gainditu zituzten. Eztabaidetarako ardatza gaurkotasun osoko gai bat izan zen: “Musika eta pelikulak internetetik libre jaistea baimendu behar da?”. Hizlari Onenaren Aipamena San Cernin ikastetxeko Marcos Ndlovu ikaslearentzat izan zen. Epaimahaiak ontzat jo zuen parte-hartzaileek erakutsi zuten goi maila.

Lehiaketa ostiralean hasi zen, eta, guztira, Nafarroako 16 institututatik etorritako 79 ikaslek hartu dute parte. Honako hauek dira bigarren edizio honetan parte hartu duten ikastegiak: Barañaingo BHI, San Cernin ikastetxea, Sagrado Corazón ikastetxea, Navarro Villoslada BHI, Liceo Monjardín ikastetxea, San Ignacio ikastetxea, Calasanz-Escolapios ikastetxea, Basoko BHI, Nuestra Señora del Huerto ikastetxea, Cardenal Larraona ikastetxea, Santa Teresa de Jesús ikastetxea, Hijas de Jesús ikastetxea, Miravalles ikastetxea, El Redín ikastetxea, Tafallako Sancho el Mayor BHI eta Plaza de la Cruz BHI.

Talde irabazleak 1.000 euroko saria jaso du. Taldekideak Roberto López Iracheta, Miriam Araujo Goicoechea, Víctor Osuna Ruiz, Íñigo González de Echávarri eta Alfonso Urrizburu Santos ziren, guztiak San Ignacio ikastetxeko ikasleak. Beste alde batetik, bigarren sailkatu zirenek –Nuestra Señora del Huerto ikastetxekoek- 800 euroko saria jaso zuten. Eduardo Alonso Arechaga, Elvira Díaz Fernández, Irene Gutiérrez García, Brian Pérez Claudio eta Myriam Guillén Aguinaga ziren taldekideak. Finalerdietan San Ignacio eta San Cernin lehiatu ziren, alde batetik, eta Nuestra Señora del Huerto eta Plaza de la Cruz BHI, bestetik.

zoom Marcos Ndlovu, San Cerningoa, hizlari onena izan zen

Marcos Ndlovu, San Cerningoa, hizlari onena izan zen

Unibertsitate Publikoa eta Nafarroako Parlamentua azken urteotan unibertsitateko eta Batxilergoko ikasleen artean sustatzen ari diren eztabaida-jardueren artean sartzen da torneo hau. Kasu honetan, Nafarroako Batxilergoko 2. ikasmailako zentro publiko eta kontzertatuko ikasleei zuzendutako prestakuntzako eta lehiaketako ekitaldia izateko proposatzen da torneoa. Torneo honen bidez ikasleei aukera ematen zaie honako trebetasun hauek lantzeko: jendaurrean mintzatzea, taldean lan egitea, informazioa aztertzea eta argudioak sortzea. Norberaren prestakuntzan daukaten interesaz aparte, trebetasun hauek graduko unibertsitateko ikasketekin loturiko zeharkako gaitasun generikoak dira.

Lehiaketa

Batxilergoko Eztabaida Torneoan bi zati daude. Lehenbizikoan, ikasleek prestakuntza lantegi batean parte hartu zuten. Bertan, esperientzia luzea duten profesionalek jarraibideak eman zizkieten eztabaidarako oinarrizko teknikei buruz. Halaber, haiekin batera landu zuten lehiaketarako aukeratu zen gaia. Bigarren edizio honetan berrikuntza bat egon da: interesatuta zeuden irakasleek ere prestakuntza jaso zuten.

Lehiaketa fasea ostiralean hasi zen eta larunbateko arratsaldera arte luzatu zen. Hiru edo lau ikaslek eta kapitain batek osatzen dute elkarren aurka ari diren taldeak; bakoitzak zer jarrera defendituko duen, zozketaz erabakitzen da, aldez aurretik. Hitz egiteko txandak itxiak dira lau txandatan (hasierako azalpena, bi eztabaida txanda eta ondorioak), eta iraupena 26 minutukoa da, gehienez ere (talde bakoitzarentzat hamahiru minutu).

Epaimahaia NUPeko irakasleek eta antolatzaileek gonbidatutako pertsonek osatzen dute. Epaileek balioesten dituzten alderdiak dira, besteak beste, argudioen aniztasuna, ebidentzien zorroztasuna, hizlarien naturaltasuna eta adierazgarritasuna, ahotsa zein isiluneak menderatzea, hizkera aberatsa eta egokia eta taldearen jokaera.