Joan eduki nagusira

zoom Julio Lafuente errektorea eta Elena Torres kontseilaria hitzarmena izenpetu zuten unean

Julio Lafuente errektorea eta Elena Torres kontseilaria hitzarmena izenpetu zuten unean

Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Gobernuaren Gizarte Politika, Berdintasuna, Kirola eta Gazteria Departamentuak garapenerako lankidetzaren arloko hitzarmen bat sinatu dute ostegun honetan, irailaren 15ean, 2010-11ko Prestakuntza Solidarioa Programa finantzatzeko. NUPek duela hamarkada bat martxan jarri eta bultzatzen duen ekimen honek ikasleen eta irakasleen lankidetza-balioak eta elkartasuna sustatu nahi ditu. Hitzarmenean ezarritakoa betez, ikasleentzako 35 beka eta irakasleentzako 12 beka lortzeko deialdia egingo da, 13 lankidetza proiektutan aritzeko. Programaren kostua 194.567,43 euro da; horietatik, Unibertsitateak 104.947 euro ipiniko ditu, eta gainerako 89.610,43 euroak Nafarroako Gobernuak.

Unibertsitateko errektore Julio Lafuentek eta Nafarroako Gobernuaren Gizarte Politika, Berdintasuna, Kirola eta Gazteria Departamentuko Kontseilari Elena Torresek izenpetu dute lankidetza-hitzarmena, Arrosadiko Campuseko Errektoretzaren eraikinean izan den ekitaldi batean.

Prestakuntza Solidarioko Programa NUPen ekimen berekia da, eta Garapenerako Unibertsitate Lankidetzaren barnean sartzen da. Unibertsitate komunitateko kideen artean elkartasuna eta garapenerako lankidetzaren balioak sustatzea du xede, nazioarteko lankidetzaren esparruan prestakuntza profesional praktikoa eskaintzearekin batera.

Programa hau Nafarroako Gobernuak ere finantzatzen du, hasieratik, eta bi jardun eremu ditu. Lehenbizikoa ikasleei zuzendua dago, praktikak edo karrera amaierako proiektuak egin ditzaten garapenerako lankidetza proiektuetan hegoaldeko herrialdeetan. Proiektua lankidetzan gauzatzen da proiektuak burutzen diren herrialdeetako unibertsitate batzuekin, gobernuz kanpoko garapenerako erakunde batzuekin eta lankidetzarako nazioarteko beste agentzia batzuekin batera. Egonaldiak gutxienez hiru hilabetekoak dira eta, gehienez ere, seikoak. Egonaldia amaitzean, ikasleek, egindako jardueraren oroitidazkia aurkezten dute. Guztira 35 beka eman dira, beste horrenbeste ikaslerentzat.

Bigarren ekintza eremuan, proiektuak garatu diren lekuetako unibertsitateetako irakasleek bi hilabetetako egonaldiak egiten dituzte ikasketa, ikerketa eta prestakuntza lanetan jarduteko. Aurtengo hitzarmenaren arabera, hamabi irakaslek bisita egingo dute NUPera. Irakasle hauek NUPera etorriko dira, eta beren jatorrizko unibertsitateetan garatzen dituzten ikerketekin loturiko gaietan sakonduko dute, edo beren ikastegietako irakaskuntzarako interesgarriak diren arloetako prestakuntza eskuratuko dute.

Deialdi honetako berrikuntza da programa honetan beka lortu duten ikasle guztiek nahitaezko ikastaro bat egin dutela Garapenerako Nazioarteko Lankidetzan. Ikastaroa 47 eskola-ordukoa zen eta prestakuntza hartu dute honako gai hauei buruz: Hegoaldeko herrialdeen egungo egoera, lankidetzaren kontzeptua eta bilakaera historikoa eta eremu horretan lehentasunez jardun beharreko sektoreak.

Proiektuak Latinoamerika eta Afrikako sei herrialdetan

Programan, guztira, hamahiru proiektu sartzen dira. Proiektuok Latinoamerikako eta Afrikako sei herrialdetan garatzen ari dira. Hauek dira herrialdeak eta proiektu-kopuruak: Kuba (2), Peru (6), Bolivia (4), Ekuador (3) eta Mozambike (1).

Prestakuntza Solidarioa Programan beka duten NUPeko ikasleak baztertutako biztanleekin jarduten ari dira La Habanan (Kuba), baliabiderik gabeko pertsonei lege aholkularitza ematen diete Liman, Peruko hiriburuan, edo hezkuntza praktikak egiten ari dira Traperos de Emausek Piuran (Peru) zuzentzen duen ikastetxe batean. Era berean, Andeetako herrialde honetan bertan proiektu bat garatzen ari da Asociación de Ganaderos de Ayabaca elkartearekin lankidetzan, txerriak ekoiztu eta etxeko urdaiazpikoa prestatzeko.

Bestalde, Erizaintzako ikasleak Cochabambako (Boliviako) Pietro Gamba de Anzaldo ospitaleko plantillan sartu dira arreta kirurgikoan eta ama-haurren osasun arloan praktikak egiteko; aldiz, Irakasletzako ikasleek lankidetzan dihardute El Salvadorren San Salvadorreko auzo bateko oinarrizko hezkuntzako bi eskolatan hezkuntzarako materiala sortzeko.

Mozambiken egiten ari den proiektuak ere zerikusia dauka hezkuntzarekin. Nekazaritza Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoko ikasleak hezkuntza-hobekuntza proiektu batean sartuko dira. Proiektu horretan Cáritas erakundeak ere parte hartzen du. Azkenik, EAZLko eta Industria Ingeniaritzako ikasleak inpaktu sozioekonomikoari buruzko azterlan bat egiten ari dira Salinas de Guarandan (Ekuador) bidezko merkataritzako kooperatiba baterako.