Joan eduki nagusira

zoom Alfonso Carlosena, eskuinetik kontatzen hasita hirugarrena, gainerako batzordekideekin batera.

Alfonso Carlosena, eskuinetik kontatzen hasita hirugarrena, gainerako batzordekideekin batera.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikerketa errektoreordeak, Alfonso Carlosena Garcíak, zuzendu du Campus Iberusen Nazioarteko Graduondo eta Doktoretza Zentroa abian jarriko duen batzordea eratu duen bilera. Bilera abuztuaren 31n, asteazkenean, izan da, Tuterako campusean. Nazioarteko Bikaintasuneko Campus Iberus izenekoaren Behin-behineko Batzorde Exekutiboak eratu zuen batzordea joan den uztailean. Zaragozako, Errioxako eta Lleidako Unibertsitateek eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak osatzen dute batzorde hori.

Bilera NUPen Tuterako campuseko eraikineko Batzar Gelan izan da. Carlosenaz gain, honako batzordekide hauek bildu dira: Errioxako Unibertsitateko Irakaskuntza Antolamendurako eta Irakasleen Gaietarako errektoreordea, José Ignacio Extremiana Aldana; Zaragozako Unibertsitateko Irakaskuntza Politikarako errektoreordea, Miguel Ángel Ruiz Carnice eta Lleidako Unibertsitateko Ikasle Gaietarako, Graduondo eta Prestakuntzako errektoreordea, Neus Vila Rubio. Campus Iberuseko koordinatzailea, Javier Sánchez Asín, ere han izan da.

Batzordeak Nazioarteko Graduondo eta Doktoretza Zentroaren helburuak, norainokoak, lan-plana eta jarduteko egitura zehaztu behar ditu, zentro hau baita Campus Iberusek irakaskuntza hobetzeko eta Europako Unibertsitate Eremuari egokitzeko prestatu duen lehentasunezko ekimena. Zentro hau abian jartzeko lanak martxoan hasi ziren, eta 2011-12 ikasturtean hasiko da lanean. Lau unibertsitateek batera eskainitako nazioarteko master eta doktoretzen arloko bikaintasuneko irakaskuntza-eskaintza bertan emango da, eta campusaren espezializazio-lerroen arabera egituratuko da. Aurreikusita dago Pabeko Unibertsitateak eta Tolosako PRES (Pôle de Rechereche et d’Enseignement Supérieur) erakundeak bat egingo dutela ekimenarekin, horrela mugaz haraindiko campus handia garatuko delarik.

Hiru berezitasun-arlo dituen campusa

Hezkuntza Ministerioak Nazioarteko Bikaintasun Campusa kalifikazioa eman zion 2010eko urrian Iberus proiektuari. Aurtengo ekainean, Campus Iberus kontsortzioa sortzea erabaki zuten batzordea osatzen duten lau unibertsitateek. Proiektuan aurreikusitako jarduera guztiak abian jartzeaz eta kudeatzeaz arduratuko da erakunde hori.

Campus proposamena hiru berezitasun-arlotan egituratzen da: bizi-kalitaterako materialak eta teknologia (bi adar ditu: osasunerako teknologia, eta energia eta ingurumena); nekazaritako elikagaiak eta nutrizioa; eta memoria, ondarea eta identitateak. Campuseko unibertsitateek lankidetzan jardungo dute azpiegiturak, zerbitzuak eta zentro komunak abian jartzeko. Horien artean daude Nazioarteko Graduondo eta Doktoretza Zentroa, Berrikuntza eta Ekintzailetza Zentro bat, Enpresekin Ikertzeko Zentro Mistoak eta Nazioarteko Harrera Zentro bat.