Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak garapenerako unibertsitate lankidetzako nazioarteko jardunaldi batzuk antolatuko ditu 2012. urtearen erdialdera, eta arlo horretan adituek, gobernuz kanpoko erakundeek eta unibertsitateek parte hartuko dute. Kanpo Arazoetako eta Lankidetzako Ministerioko Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziak (AECID) 49.540 euroko diru-laguntza eman du proiekturako.

Programatutako biltzarraz gainera, aurten betetzen du hamargarren urteurrena Prestakuntza Solidarioa pogramak. NUPen berezko ekimen hau Garapenerako Unibertsitate Lankidetzaren barnean dago. Proiektuak elkartasuna eta garapenerako lankidetzaren balioak sustatu nahi ditu ikasleen eta irakasleen artean, eta, aldi berean, lanbide prestakuntza praktikoa eskaintzen du nazioarteko lankidetzaren munduan.

Jardunaldien xedea da garapenerako unibertsitate lankidetzaren erronkak hainbat gaitan, hala nola unibertsitate komunitatea sentsibilizatzeko kanpainak, ikastegi bakoitzak abian jartzen dituen mugikortasun programak edo garapenerako lankidetzarekin lotutako zeharkako irakasgaiak ezartzea. Horretaz gainera, programan atal berezi bat egongo da unibertsitate komunitateko kideek lankidetzako programa desberdinetan duten mugikortasunari buruz.

NUPek jardunaldi hauetara gonbidatuko ditu lankidetzan adituak, gobernuz kanpoko erakundeak, arlo horretan lan egiten duten erakundeak eta unibertsitateak. Azken horien artean NUPekin garapenerako lankidetza gaietan hitzarmenak dituzten unibertsitateak ere egongo dira.

284 ikasle eta 80 irakasle hamar urtean

Prestakuntza Solidarioa programak hamargarren urteurrena beteko du aurten. Denbora honetan, 264 ikaslek egin dituzte egonaldiak Latinoamerikako eta Afrikako herrialdeetan. Halaber, ikasleak hartzen dituzten herrialdeetako unibertsitateetako beste 80 irakaslek jaso dute prestakuntza aldi horretan NUPen. Bi kontinente horietako 15 unibertsitaterekin sinatutako hitzarmenen bidez garatu da programa, eta horiei beste bost erakunde eta entitate gehitu behar zaizkie, ikasleek garapenerako lankidetzarekin lotutako praktikak egin baitituzte haietan.

Ikasturte honetan 27 ikaslek parte hartu dute ekimen honetan Latinoamerikako bost herrialdetan lankidetza proiektuak garatzen. Deialdi honetako berrikuntza da programa honetan beka lortu duten ikasle guztiek nahitaezko ikastaro bat egin dutela Garapenerako Nazioarteko Lankidetzan. Ikastaroa 47 eskola-ordukoa zen eta prestakuntza hartu dute honako gai hauei buruz: Hegoaldeko herrialdeen egungo egoera, lankidetzaren kontzeptua eta bilakaera historikoa eta eremu horretan lehentasunez jardun beharreko sektoreak.

Programa hau Nafarroako Gobernuak ere finantzatzen du, eta bi jarduketa eremu ditu. Lehenbizikoa ikasleei zuzendua dago, praktikak edo karrera amaierako proiektuak egin ditzaten garapenerako lankidetza proiektuetan hegoaldeko herrialdeetan. Proiektua lankidetzan gauzatzen da proiektuak burutzen diren herrialdeetako unibertsitate batzuekin, gobernuz kanpoko garapenerako erakunde batzuekin eta lankidetzarako nazioarteko beste agentzia batzuekin batera. Egonaldiak gutxienez hiru hilabetekoak dira eta, gehienez ere, seikoak. Egonaldia amaitzean, ikasleek, egindako jardueraren oroitidazkia aurkezten dute.

Bigarren jarduketa eremuan, proiektuak garatu diren lekuetako unibertsitateetako irakasleek bi hilabetetako egonaldiak egiten dituzte ikasketa, ikerketa eta prestakuntza lanetan jarduteko. Urte honetako hitzarmenean hamabi irakasleren bisita aurreikusten da.