Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Unibertsitate-Gizarte Fundazioak bere Enplegu Arloaren bidez kudeatutako ikasleentzako eta tituludunentzako prestakuntza-praktiken kopurua % 21 hazi da. Osotara, azken bost urteetan, 1.782 pertsona txertatu dira lan munduan ikasketen amaierako proiektuen eta tituludunen praktiketarako programa hauen bidez. Programa hauetan parte hartu dutenen laneratze-indizea % 47koa da.

Unibertsitate-Gizarte Fundazioak argitaratutako azken jarduera-txostenak biltzen dituen datuetariko batzuk dira horiek. Erakundeak 2010. urtean egindako jardueren balantzea aztertu du lanak.

Txosten horren arabera, 162 lankidetza hitzarmen berri izenpetu ziren 2010ean. Beraz, osotara, 1.666 hitzarmen daude indarrean hainbat enpresa eta erakunderekin. Beken bidez 4,5 milioi euro baino gehixeago ordaindu zituen fundazioak, eta osotara 587.474 euro jaso zituen enpresa eta erakundeen aldetik praktikak eta lan eskaintzak kudeatzeagatik. Aurreko urteko kopuruarekin alderatuz, % 12 hazi da aurten.

Aztertutako aldian, 3.868 pertsonari eman zitzaien lan-orientazioa Enplegu Arloaren bidez eta banakako 409 tutoretza egin ziren laneratzen laguntzeko. Bestalde, 117 pertsonak parte hartu zuten ikasturte osoan lan bila modu aktiboan aritzeko egin ziren 13 lantegietan, eta nazioarteko praktikak kudeatu ziren komunitateko eta komunitatetik kanpoko 18 herrialdetan.

Gogobetetasun mailari buruzko datuak ere biltzen ditu txostenak, eta erakusten dute bekadunen % 92,14 pozik dagoela bere praktikarekin. Bestalde, enpresen % 99,76k praktiketarako programetan berriro parte hartzeko interesa dute.

Balantze positiboa

Enplegu Arloan 2010ean lortutako datuen balantze positiboa egin du Fundazioak, praktiken jarduera nabarmen hazi baita. Horretaz gainera, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak eskatuta, Energia Berriztagarrien Gelako praktiketarako programaren kudeaketa hasi da sektoreko enpresa nagusiekin lankidetzan. Halaber, lankidetza indartu eta areagotu da Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearekin udako praktiken berariazko eskaintzan.

2010ean garatutako beste ekimen aipagarri bat da Nafarroako Ganberarekin sinatutako akordioa unibertsitateko ikasleen gaitasun profesionalak ebaluatzeko tresna bat eta gaitasun horiek hobetzeko plan bat garatu eta ezartzeko.

Azkenik, Enplegu Arloak parte hartzea areagotu du unibertsitate eta lanbide arloko sareetan, eta aipatzekoa da RUNAEko (Ikasleen Gaietarako Unibertsitateko Sarea) enplegurako lan taldean parte-hartu duela. Horri esker enpleguko zerbitzu publikoekin lankidetzan jarduteko aukera izan da unibertsitateetako lanbidean txertatzeko azterketak prestatzen. Unibertsitateko Kontu-Ikuskaritza, Antolamendu eta Kalitate Unitatearekin (UAOC) lankidetzan egin da lan hau.

Unibertsitate-Gizarte Fundazioa irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta Gizartearen eta Unibertsitatearen artean lankidetza bideak ezartzeko sortu zen. Helburu horrekin, fundazio honek bideratzen du enpresen, erakundeen eta pertsonen parte-hartzea eta lankidetza Unibertsitatearekin.

Bere Enplegu Arloaren helburu nagusia da unibertsitateko ikasketak amaitu dituztenei enplegu kualifikatuetarako sarbidea erraztea, eta xede horrekin antolatzen du bere jarduera nagusia: praktikak enpresa eta erakundeetan. Beste jarduera batzuk osagarri eta lagungarri dira helburu hori lortzeko, hala nola lanbide-orientazioa, unibertsitate-gizarte topaketak sustatzea, lan eskaintzak kudeatzea eta enpleguaren behatokia.