Joan eduki nagusira

zoom María Espinosa Vea

María Espinosa Vea

Psikopedagogian lizentziaduna den María Espinosa Veak gaitasun handia daukaten ikasleentzako programa berariazko bat proposatu du. Bere ustez, “kasuen % 75etan, programak hobekuntza nabarmena ekarriko luke, hurrengo exekuzio-mailarainoko jauziarekin alderagarria, alegia, egoera eta arazo konplexuei aurre egiteko gaitasuna hobetuko luke". Ikerketaren egileak uste du mota honetako ikasleentzat beharrezkoa dela prestakuntza sistematizatua eta arautua. Ikerketa egiteko Lizarrerriko bi institututako parte-hartzea eduki du, bi horietan gaitasun handiko 10 ikasle atzeman zirelako.

NUPeko Psikologia eta Pedagogia Saileko katedraduna den Reyes Poveda Fiz irakasleak zuzendu du tesia, “Detección de alumnos con altas capacidades en ESO y propuesta de un programa educativo para responder a sus características y necesidades psicopedagógicas” izenekoa, eta bikain cum laude kalifikazioa lortu du.

Ikerketa lanak alde teoriko bat dauka, zeinean berrikusten baitira supergaitasun intelektuala azaltzen duten ereduak eta pertsona hauen ezaugarriak eta behar psikopedagogikoak, eta beste alde enpiriko bat, zeinean identifikatu baitziren gaitasun handiko ikasleak, eta 15 saiotako hezkuntza programa berariazkoa proposatu baitzien, haietako bakoitzarekin banan-banaka lan egiteko, ahalik eta gehien.

“Gaitasun handiko ikasle baten diagnostikoa ezin daiteke egin ikasleak 12 urte betetzen dituen arte, giroaren eraginak saihesteko”, azaldu du ikerketaren egileak. Ikasle hauek dauzkaten ezaugarri arruntenei dagokienez, honako hauek azpimarratu ditu: agudo ikasten dute eta gauzak atxikitzeko gaitasuna dute; irakurle goiztiar eta onak izaten dira; informazio-kopuru handiagoak erabiltzen dituzte, ideiak eta kontzeptuak erraz erlazionatzen dituzte; hizkuntza ongi menderatzen dute; arazoak ebazteko trebetasun handiagoa dute; lanean kontzentratzeko gaitasun handia daukate; jokabide oso sortzailea dute, ikusten dena bai adierazten dituzten ideietan, baita egiten dituzten jardueretan ere; interes-eremu zabala dute; jakin-mina izaten dute eta maiz galdetzen dute; jakintza-arloren batek grina handia pizten die; oso iritzi ona daukate beren buruari buruz; perfekziozale, autokritiko eta saiatuak direla esan ohi da; gizarte-harremanetan onak ohi dira eta eskola-errendimendua ona edukitzen dute.

Ikasleen hautaketa eta programa berariazkoa

Ikasleak aukeratzeko Lizarrerriko bi institutu hautatu ziren. Zehatz esateko, DBHko 1. mailako 175 ikaslek adimen-proba bat egin zuten, eta 130 edo gehiagoko adimen-kozientea zeukatenak aukeratu ziren, hau da, 9 ikasle. Gainera, DBHko 3. mailako ikasle bat ere gehitu zen, aldez aurretik bere ikastetxean gaitasun handikoa zela atzeman baitzen.

Ikasleak aukeratu eta gero, eta bai haiengandik, baita euren gurasoengandik lortutako informazioarekin, 10 ikasle horietako bakoitzaren profil psikopedagogiko bana egin zen. “Profil honek lehen egindako proba guztien emaitzak hartzen ditu bere baitan: zer arlotan nabarmentzen den pertsona, zer nolako talentua erakusten duen, sormen-maila, gizarte-trebetasunak, gaitasun handiko ikasleei egotzi ohi zaizikien trebetasunetatik zeintzuk dauzkan, autokontzeptua, etab.”

Profil horretatik abiaturik, programa berariazkoa egin zen, PEIPC izenekoa (Programa Educativo de Intervención en los Procesos Cognitivos). Programak 15 lan-saio ditu, ikasle bakoitzarekin, banan-banan, ahalik eta gehien lan egiteko. “Programa eskola orduz kanpo aplikatu zen. Ikasleek hainbat eduki landu zituzten: behaketa, pertzepzioa, oroimena, arrazonamendu logiko eta matematikoa, hizkuntza-trebetasuna, espazio-orientazioa, adimen emozionala eta soziala, pentsamendu kritiko eta zientifikoa, etab. Metakognizioa, sormena eta gizarte-trebetasunak garatzen dituzte, eta jakintza-arlo berriak ezagutzen hasten dira".

Hobekuntza nabarmena

Test bat egin zen programa aplikatu baino lehen, eta beste bat programa aplikatu eta gero; batak eta besteak erakutsi zuten ikasleak nabarmen hobetzen direla programa aplikatuz gero. “Datuak PEIPC aplikatuko litzaiokeen beste populazio bati estrapolatuz, programak ikasleen % 75etan lortuko lituzke hobekuntzak, hau da, exekuzio-maila bat aurreratuko litzateke –adierazten du María Espinosak–. Eta % 75 horretatik, % 25ek aurrerapen hori baino are hobekuntza handiagoa lortuko lukete”.

Ikerketaren egileak uste du beharrezkoa dela, hezkuntza sistemaren barruan, nolabaiteko prestakuntza arautua sortzea, ikasle hauentzat. “Gure lana eskola orduz kanpo egin da, baina beharrezkoa da administrazio publikoek bana-banako hezkuntza eskain dezaten, gaitasun handia duten ikasleen ezaugarri psikopedagokikoei aurre egiteko”, adierazi du.

Maria Espinosa Lehen Hezkuntzako Irakasletzako diplomaduna da, NUPen, Karrera Amaierako Saria izan zelarik, eta Psikopedagogian lizentziaduna ere bada, Salamankako Unibertsitatean. Gaitasun handiko ikasleei eta supergaitasunari buruzko hainbat artikulu argitaratu ditu aldizkari espezializatuetan, eta hainbat mintegi eta prestakuntza-jardunalditan parte hartu izan du. Gaur egun irakasle dago Iruñeko Doña Mayor ikastetxean.