Joan eduki nagusira

zoom José Félix García Tinoco

José Félix García Tinoco

Hezkuntza Ministerioak Nafarroako Unibertsitate Publikoko tituluduna den José Félix García Tinocori eman dio nazioko espedienterik onenaren lehen saria, Enpresa Zientzien diplomaturan. Iruñear honek, gaur egun Nafarroako Gobernuko funtzionarioa denak, ikasketak bukatu zituen batez besteko 9,842ko notarekin, eta karrerako irakasgai guztietan ohorezko matrikula lortu zuen.

Unibertsitateko Irakaskuntza-errendimenduan Bikaintasuneko Sari Nazionalek goi mailako ikasketak ahalik eta modurik distiratsuenean egin dituzten ikasleak saritzen dituzte. Hezkuntza Ministerioko Unibertsitateen Idazkaritza Nagusiak eman du aditzera deialdiaren emaitza, uztailean, eta beren ikasketak 2008-09 ikasturtean bukatu zituzten ikasleentzat zen. José Félix García Tinocok 3.300 euroko saria jasoko du.

García Tinoco, Arte Grafikoetako eta Merkataritza Kudeaketa eta Marketineko Lanbide Heziketako goiko zikloak “bikain” batez besteko kalifikazioarekin gainditu eta gero, Enpresa Zientzietako diplomatura hasi zen ikasten NUPen. Goi mailako ikasketak egiten zituen artean, lan egiten zuen, frankizia bat kudeatuz eta unibertsitateko ikasleei eskola partikularrak emanez, akademia batean.

Halaber, bi Erasmus beka eduki zituen. Lehenarekin, Pragako enpresa batean egin zuen lan, eta bigarrenarekin, Danimarkara joan zen, Copenhagen Business School delakoan ikasteko. Enpresa Zientzietako ikasle-garaian, elkarren segidako bi ediziotan sailkatu zen Googlek antolatzen zuen online publizitatearen munduko lehiaketa bateko finalaurrekoetan.

Gaur egun, José Félix García Tinocok ikasten jarraitzen du, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako Lizentziaturan (LADE), eta aldi berean lan egiten du, Nafarroako Gobernuaren Landa Garapena, Industria, Enplegua eta Ingurumen Departamentuko funtzionario.

Aipamena Telekomunikazioetan

Garcia Tinocok irabazi duena ez da Hezkuntza Ministerioak Nafarroako Unibertsitate Publikoko titulatuei emandako sari bakarra, Unibertsitateko Irakaskuntza-errendimenduan Bikaintasuneko Sari Nazionalen deialdi honetan. Juan Camilo Lizarraga Cubillosek aipamen bat lortu du Telekomunikazio Ingeniaritzako titulazioan. Lizarragak 8,896ko batez besteko nota lortu zuen, eta José Félix García Tinocok bezala, NUPek 2010eko martxoan banatu zituen 2008-09 ikasturteko karrera amaierako espedienterik onenen Aparteko Saria jaso zuen.