Joan eduki nagusira

José Manuel Pérez “Pericles”, eskoletan espiritu ekintzailearen sustatzailea eta Ashoka-ko gizarte ekintzaile senior denak, emango dio hasiera bihar, osteguna, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren “Eta zergatik ez? Berrikuntza enpresan eta gizartean ere bai” udako ikastaroaren hirugarren eta azken saioari. Ashokak 2011ko Nazioarteko Lankidetzako Asturias Printzea Saria jaso du berriki. Saioak amaituko dira Alex Castellarnau-ren hitzaldi batekin. IDEO enpresako kidea da, nazioartean diseinu eta berrikuntza arloko aholkularitza enpresetako garrantzitsuenetako bat. Enpresaren ardatz nagusia erakunde publiko eta pribatuei berritzen eta hazten laguntzea da.

Ikastaroak esperientziak eta metodologiak eskaintzea du helburu, gizartearen eta enpresen berrikuntzan, eta nabarmentzea ezagutza eta gaitasun horiek hezkuntzari gehitzearen garrantzia. Hirugarren modulu honetan hezkuntzak gizartean berrikuntza eta joera sortzaileak sustatzeko duen paperaz mintzatuko dira.

Zehazki, goizeko 10:00etan, Manuel Pérez “Periclesek” eskainiko duen hitzaldiak “i+e=E (Berrikuntza + Ekintzailea = Arrakasta” du izenburua. Gizarte ekintzaile hau Ashokako kidea da. Izan ere, beren proiektuekin gizartearen arazoak konpontzeko modua aldatu duten hiritarrez osatzen den plataforma global hori Bill Drayton estatubatuarrak fundatu zuen eta zuzentzen du.

José Manuel Pérezek sortutako “Ekintzaileak Prestatzeko Katea” sartu egin du Asturiasko hezkuntza curriculumean eta beste hamaika autonomia erkidegokoetan, ahalik eta gazte kopuru handienarengana iristeko asmoz, gazte-gaztetatik eta etenaldirik gabe. Europar Batasunak “Praktika Egokiaren” aitorpena eman dio bigarren hezkuntzako EJE (Empresa Joven Europea/Europar Enpresa Gaztea) irakasgaiari, eta horrela Espainian, Europan eta munduko beste herrialde batzuetan zehar bere hedapena bultzatu du.

Prestakuntza sistema eskolaurreko mailetan hasten da, eta lan merkatuan sartu bitartean jarraitzen du. Valnalón erakundeak, hezkuntza ekimenak koordinatzen dituenak, gainera, laguntza eta prestakuntza eskaintzen ditu negozio proiektuak sendotzeko eta heltzeko prozesua gainbegiratzeko, proiektuen aurreinkubagailu baten bidez eta enpresen inkubagailu baten bidez.

Berrikuntza estrategiak

Kaferako etenaldiaren ostean, ikastarora doazenek Alex Castellarnauren “IDEO eta bere Berrikuntza estrategia” hitzaldia entzuteko aukera izango dute. IDEO diseinu eta berrikuntza arloko aholkularitza enpresa ezagunenetako bat da; egoitza nagusia Palo Alton (Kalifornian) du, eta ordezkaritzak ditu Boston, San Frantzisko, Chicago, Londres, Munich eta Shangai hirietan.

Diseinu globaleko enpresa bat da, sektore publikoko eta pribatuko erakundeei berritzen eta hazten laguntzen diena. Pertsonei zerbitzua emateko eta laguntzeko modu berriak identifikatzen ditu, estalita dauden beharrak, portaerak eta desioak azaleratuz.