Joan eduki nagusira

zoom Ikerketa-taldeak diseinatutako txiparen mikrofotografia.

Ikerketa-taldeak diseinatutako txiparen mikrofotografia.

Energia elektrikoaren kontsumoa nabarmen jaisten duen sistema mikroelektronikoen familia berri bat diseinatu du Antonio López Martín Nafarroako Unibertsitate Publikoko Seinalearen Teoria eta Komunikazioen Arlokoko katedraduna buru duen ikerketa talde batek. Gailu honen izena MOS transistore ate ia-flotagarriduna da, Seiko Epson japoniar multinazionalak arrakastaz erabili du jada bere sakelako telefonoen harrera sistemetan eta nazioarteko lau patente sortu ditu.

ETRI Journal nazioarteko aldizkari entzutetsuaren ekaineko alearen lehenengo orrirako aukeratu dute lan hau. Aldizkari hau bi hilabetekaria da, eta Hego Koreako Elektronika eta Telekomunikazioetako Ikerketa Institutuko argitalpen nagusia da. Insitutu hori mundu mailako erreferentzia da teknologiaren arlo honetan. Lehen orrialdearekin batera datorren artikuluan proiektuaren egileek gailu berri honen ezaugarriak ezagutarazten dituzte, bai eta hainbat esparrutan dituen aplikazioak ere.

zoom Antonio López, bigarrena eskuinetik, ikertzaileetako batzuekin Sevillan egindako bilera batean.

Antonio López, bigarrena eskuinetik, ikertzaileetako batzuekin Sevillan egindako bilera batean.

Taldea kide hauek osatzen dute: Antonio López bera, José María Algueta Miguel Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoretza aurreko bekaduna eta egun Dublingo University Collegen egonaldia egiten ari dena, Ramón González Sevillako katedraduna eta Unibertsitateko Transferentzia Teknologikorako errektoreordea, Lucía Acosta Sevillako Unibertsitateko ikertzailea eta Jaime Ramírez katedraduna eta New Mexico State Universityko (AEB) VLSI Lab-ko zuzendaria. Ikertzaile horiek guztiak adituak dira energia-kontsumoa nabarmen jaisten duten edo ingurunetik elikatzen diren (argia, beroa, etab.) mikroelektronikako gailuen diseinuan eta fabrikazioan.

Elektronikak etorkizun hurbilean izango duen erronka nagusietako bat energia-kontsumoa da, eta Antonio López buru duen taldeak gailu mugikorretan txertatzen diren eta datuak hartzea edo tratatzea ahalbidetzen duten gailu edo transistore txikiekin lan egiten du. Mikroelektronikako sistema horien ekarpen nagusia kontsumo txikia da, MOS transistore ate ia-flotagarriduna izeneko gailu erdieroale berri bat baitauka.

Gailu honen beste ezaugarri aipagarri bat da sendotasun handia duela egoera oso aurkakoetan; esaterako, hondamendi nuklearra izan duten eremuak edo kanpo-espazioa. Erabilitako teknologiari esker mikrotxip hauek funtzionamenduan segitzen dute energia handiko partikulen irradiazioak dauden egoeretan.