Joan eduki nagusira

zoom Rebeca García Nieto

Rebeca García Nieto

Herrialde garatuetan, % 4 eta % 16 artean dago gurasoen aldetik tratu txarrak jasotzen dituzten haurren ehunekoa. Tratu txar horiek nahasmendu psikopatologikoen tasa handiagoa ekarriko du haur horiek nagusi bihurtzen direnean. Haurtzaroan edo nerabezaroan tratu txarrak jaso dituzten emakumeen ondorio psikologikoak aztertu ditu Rebeca García Nietok Nafarroako Unibertsitate Publikoan berriki irakurri duen doktoretza tesian.

García Nieto doktorea Madrilgo Jiménez Díaz Fundazioko psikologo klinikoa da, eta egun Columbian (Nueva York) eta Harvarden (Massachusetts) egiten ari diren ikerketa proiektu batzuetan ari da lanean. Bere ikerketan tratu txarrak sufritu zituzten 234 emakume nagusiren kasuak aztertu zituen (zabarkeria, tratu txar fisikoa, tratu txar emozionala edo sexu-abusua). Azaldu duenez, “funtsezkoa da haurtzaroko trauma anizkunek helduaroan dituzten ondorioak aztertzea, zirkunstantzia hori baita trauma bat gainditzen duten pertsona gehienen esperientzia ezaugarritzen duena”.

Tratu txar mota, sufritutako tratu txar moten kopurua, tratu txarrak zein adinetan sufritu zituen, disoziaziorako joera eta haserrea barneratzeko joera dira aztertu zituen aldagai nagusiak. Horietaz gainera, haurtzaroko beste esperientzia txar batzuen eragina aztertu zuen. Esaterako, amarengandik banandua izatea, gurasoen psikopatologia, haien arteko harreman gatazkatsua edo familia-unitatearen beste alderdi batzuk, hala nola maila sozioekonomikoa edo hezkuntza maila.

Ondorioak denbora luzean

Rebeca García azaldu duenez, haurtzaroan trauma asko izateak “hainbat sintoma sortzen ditu, ez bakarrik trauma-ondoko estresaren nahasmenduarenak, afektibitate arlokoak eta pertsonen arlokoak ere bai, hala nola gogo-aldartea arautzeko gaitasuna, haserrea gainditzen jakitea, sintoma disoziatiboak, alderdi soziala saihesten duten jokabideak, etab.” Trauma-ondoko estresa izeneko nahasmenduaren sintometako batzuk dira horiek, eta haurtzaroan tratu txarrak jaso dituztenek helduaroan duten sintoma multzo heterogeneoari esaten zaio trauma ondoko estresa.

“Haurtzaroan eta/edo nerabezaroan sufritutako tratu txar mota desberdinek eragin handia dute gizabanakoaren funtzionamendu psikologikoan. Ondorio hauek denbora luzean irauten dute, biktimak tratamendurik jasotzen ez badu —azaldu du—, eta tratamentuak kontuan hartu behar du ez bakarrik gertaera traumatikoa, gertaera horren testuingurua ere bai, esaterako, gurasoen edo lehen mailako zaintzaileen arteko harremana, amarengandik bananduta egon zen, etab.”

Bere ikerketaren emaitzen artean, García Nietok aipatzen du zenbat eta lehenago hasi tratu txarrak, hainbat eta larriagoa dela sintomatologia helduaroan. “Disoziatzeko joera duten biktimek trauma-ondoko sintomatologia disoziatibo larriagoa daukate. Horretaz gainera, beren buruari kalte egiteko probabilitate handiagoa dute, eta geroago hasitako trauma-ondoko estres konplexuaren nahasmendua izateko probabilitate handiagoa ere badute”.

Azkenik, haserrea barneratzeari dagokionez, paziente horiek helduaroan duten depresio-sintomatologiarekin larritasunarekin lotuta dago. “Beren tratamenduan biktima hauek izan ohi dituzten haserrea barneratzeko joera, lotsa-sentimendua, erru-sentimendua eta norberaren burua arbuiatzeko sentimendua landu behar dira”.

“Complejidad de síntomas del Trastorno de Estrés Postraumático en mujeres víctimas de malos tratos en la infancia o adolescencia” da Rebeca García Nietoren doktoretza-tesiaren izenburua. Tesiak bikain cum laude kalifikazioa lortu du, eta Javier Fernández Montalvo eta Raúl Cacho Fernández NUPeko Psikologia eta Pedagogia Saileko irakasleek zuzendu dute.

Rebeca García Nietok 2006an bukatu zuen BPEa (Barruko Psikologo Egoiliarra) Psikologia Klinikoa espezialitatean. Urtebetez Valladolideko Del Río Hortega ospitaleko Psikologia Klinikoko Zerbitzuko atxiki arduraduna izan eta gero, azken lau urteetan ikerketan aritu da entzute handiko zentroetan, hala nola Centre for Parent and Child Support Guy’s Hospital (Londres) eta New York University-Child Study Center. Azken zentro honetan Haur eta Gazteentzako Psikologiako azpiespezialitatea egin zuen. Hainbat ikerketa proiektutan lan egin du, txostenak eta komunikazioak aurkeztu ditu mundu guztian eta 20tik gora artikuluren egilea da, bai nazioko aldizkarietan, bai nazioarteko aldizkarietan.