Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak gradu ikasketetan sartzeko prozedura onetsi du ikasi nahi duten titulazioarekin lotura duen lan-esperientzia edo esperientzia profesional jakin bat daukatela egiaztatzen duten 40 urtetik gorakoentzat. Goi mailako ikasketetan sartzeko modalitate hau Unibertsitateko ikasketa ofizialetan sartzeko baldintzak arautzen dituen 1892/2008 Errege Dekretuan xedatua dago.

Ikaslegaiek 40 urte beteko dituzte edo beteta eduki behar dituzte ikasturtea hasten den urtearen urriaren 1a baino lehen. Gainera, ez dute eduki behar Unibertsitatera beste bide batzuetatik sartzeko gaitzen duen titulazio akademiko bat ere.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak hautagaien merezimenduak bi fasetan balioetsiko ditu. Lehenbizikoan, esperientzia profesionalak edo lan esperientziak eskatutako ikasketekin lotura duen eremuan eta jardueran emandako denbora eta erdietsitako gaitasunen maila balioetsiko dira. Datu horiek egiaztatzeko, curriculuma eta honako ziurtagiri hauek aurkeztu behar dira: lan kontratuak eta lan bizitzaren txostenak, lanbidearen maila eta egindako lanak zehazten dituztenak. Fase honetan gutxienez lau puntu erdiesten dituzten ikaslegaiek hurrengo fasera pasatuko dira.

Bigarren fasea gehienez ere hogei minutuko elkarrizketa pertsonal baten bidez egingo da, eta horretan balioetsiko da ikaslegaiak dituen ezagutzak eta gaitasunak noraino datozen bat matrikula egin nahi duen tituluan eskatzen direnekin. Ebaluazioa ikastegi bakoitzean eratuko diren batzordeek egingo dute, eta batzorde bakoitzean ikastegiko titulazio guztietako irakasleak egongo dira.

NUPek urtero egingo du sarbide honetarako deialdia Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat, Unibertsitatean Sartzeko Hautaprobak egiten direnean. Halaber, ikasturte bakoitzean ikaspostuen % 3 erreserbatuko ditu gradu ikasketak egin nahi dituzten 40 urtetik gorako ikaslegaientzat. Sartzeko prozedurari buruzko argibideak www.unavarra.es helbidean daude ikusgai.