Joan eduki nagusira

zoom Gaur NUPen egin den bileraren irudi bat.

Gaur NUPen egin den bileraren irudi bat.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Gizarte Kontseiluak sortutako Gizarte eta Enpresa Foroak gogoeta-prozesu bat hasi du gaur, asteartea, martxoak 29, prestakuntza-ereduari buruz eta eredu hori gaur egungo gizartearen beharretara egokitzeko moduari buruz. Foro honetako hogeita hamar bat kidek parte hartu dute topaketan. Aipatu foroa 2010eko azaroan sortu zen Kontseiluari aholkularitza soziala eskaintzeko eta gizarteak unibertsitatean duen parte-hartzea laguntzeko tresna gisa. Foro honen kide dira erakunde akademikoarekin lankidetzan jardun edo zerikusia duten eta enpleguarekin eta ikerketaren garapenarekin zerikusia duten enpresa eta erakundeak.

Gaurko saioan, eratu zenetik lehenengoan, prestakuntza ereduari buruzko eztabaida hasi da. Jesús Irurre Gizarte Kontseiluko buruak proposatuta, Gizarte eta Enpresa Foroaren kideek gogoeta egingo dute ikasleek titulazio bakoitzaren berariazko jakintzak ikasteko moduaren antolaketari buruz. Horrela ikasleak unibertsitateko esperientziari etekin handiagoa ateratzea lortu nahi da, eta, beraz, etekin handiagoa ingurunearentzat, ingurune horretan jardungo baitute gizabanako, herritar eta profesional gisa. Lan honi buruzko ondorioak 2011ko azken hiruhilekoan emango dira ezagutzera.

Saioaren programari hasiera emateko, Julio Lafuente errektoreak agurra egin du, eta Jesús Irurre Gizarte Kontseiluko buruak aurkezpena. Gero, Jesús María Pintor NUPeko Irakaskuntzako errektoreordeak hitzaldi hau eman du: “NUPeko Gradu ikasketen osagai komunak bere hezkuntza-ereduaren arabera”. Pintorrek egiturazko oinarri komun batzuk azaldu ditu bere hitzaldian, Europako Unibertsitate Eremua ezartzeko prozesuan gehitu ziren titulazioei dagozkienak, izan ere, 2008. urtean hainbat esparrutako 130etik gora pertsona bildu zituen foro batean egindako gogoetak zirela medio.

Gizarte eta Enpresa Foroaren bileran parte hartu dute erakunde hauetako ordezkariek: AH Asociados, Nafarroako Kutxa, CIMA, Rural Kutxa, Laboratorios CINFA, Vega Mayor, Euskadiko Kutxa, BSH, Baluarte Fundazioa, Gamesa, ATANA, Proyectos Tecnológicos de Navarra, AUDENASA, AMEDNA, eta Nafarroako Industria Elkartea (AIN). Halaber, foro honen kide dira honako hauek: Alfonso Carlosena Ikerketarako errektoreordea; Katrin Simón Plangintza, Prospektiba eta Ekonomia Gaietarako errektoreordea Camino Oslé Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordea eta Jesús Arrondo NUPeko Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren kudeatzailea.