Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2011ko Sormen Sarietarako deialdia egin du. Sariketa horren xedea da unibertsitate komunitateko jarduera artistiko eta kulturala hainbat eremu artistiko eta kulturaletan sustatzea eta hedatzea. Gizarte eta Kultura Proiekziorako Errektoreordetzak egin du lehiaketarako deialdia, eta sei modalitate ditu: poesia gaztelaniaz eta euskaraz, narratiba gaztelaniaz eta euskaraz, argazkigintza eta Campus Music. Eskabideak aurkezteko epea martxoaren 30ean bukatzen da.

Sormen Sarietarako deialdia irekita dago Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleentzat, irakasle eta ikertzaileentzat, administrazio eta zerbitzuetako langileentzat, ikasle ohientzako “Alumni” programako kideentzat, eta, halaber, Esperientziaren Gelako, Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiko eta Praktika Juridikoko Eskolako ikasleentzat.

Sariak 1.000 eurokoak dira modalitate bakoitzeko, Campus Music-erako izan ezik, horretan 2.000 eurokoa baita. Nolanahi ere, epaimahaiak, gutxienez ere hiru kide izango dituenak, eman gabe utz dezake lehen saria, eta bi akzesitetan banatu.

Oinarrietan ezartzen da poesia lehiaketako partaideek hiru poesiako multzoa aurkeztu beharko dutela, jatorrizkoa eta argitaratu gabea, eta bakoitza, gutxienez 14 bertso eta gehienez 50 bertsotakoa. Narratiba lehiaketen kasuan ere, testuak jatorrizkoak izan behar dira, eta 5 orrialdetik gorakoak eta 15 orrialdetik beherakoak.

Aurtengo edizioan argazki lehiaketarako aukeratu den gaia unibertsitateko bizitza da. Irudiak jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izango dira, kolorez edo, bestela, zuri-beltzez eta, gehienez ere, 30 x 40 cm-ko neurrikoak. Lehiakide bakoitzak gehienez hiru argazki aurkeztu behar ditu.

Azkenik, Campus Music modalitatean solistek eta taldeek parte hartuko dute (aurkezpena egiteko unean, gutxienez kideetatik bat unibertsitate komunitateko kide izan behar da) eta emanaldia, jendearentzako ekitaldi irekian egingo da, apirilaren 14an ikasgelategiko kafetegian. Talde bakoitzaren emanaldia gutxienez ere 15 minutukoa eta gehienez ere 30 minutukoa izango da.

Oinarri guztiak Unibertsitatearen webgunean http://www1.unavarra.es/cultura/premios-a-la-creatividad/bases daude kontsultagai, edo, bestela, Kultura jardueren Bulegoan (Ikasgelategiko 019. ikasgelan) jaso. Lanak aurkezteko tokiak: Unibertsitateko Erregistro Orokorrak, Iruñeko eta Tuterako campusetan, edo Jarduera Kulturalen Bulegoa. Epea martxoaren 20an, asteartean, bukatuko da, 14:30ean.