Joan eduki nagusira

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Leringo Udalak osatzen dute Amado Alonso Fundazioa, eta fundazio horrek Amado Alonso Literatura Kritikarako 2011ko Nazioarteko Sariaren deialdia egin du. Saria 6.000 eurokoa da eta, sariaren bidez, Amado Alonsoren irudia gogorarazi nahi da literatura kritikari buruzko ikerketa jarduerak eta hedatzaileak sustatuz. Lanak aurkezteko epea heldu den apirilaren 30ean amaituko da.

Sariaren oinarrietan jasotzen denez, jatorrizko ikerketa lanak, argitaratu gabeak, gaztelaniaz, eta gutxienez 25.000 hitzetakoak aurkeztu behar dira. Fundazioaren Patronatuak horretarako izendatzen duen epaimahaiak emango du saria. Sari honen oinarriak honako helbide honetan daude ikusgai: www.f-amadoalonso.com

Amado Alonso Fundazioa 2001ean eratu zen, eta bere helburua da Amado Alonso irakasle nafarraren bizitza hobeki ezagutzen laguntzea, bai eta haren testuinguru historikoa ere Nafarroa, Espainia eta beste herrialde batzuetako arlo akademiko eta sozialean; ikertzaile honek espainiar filologia, espainieraren didaktika eta literatura teoria eta kritikaren esparruan egindako zientzia-ekarpenen balioa aldarrikatzea; Amado Alonso, bere lankide eta ikasleen lanaren ildoak eta espiritua garatzera zuzendutako ikerkuntza eta zabalkunde jarduerak bultzatzea; eta egile honi buruzko dokumentazio-bilketa sustatzea.

Amado Alonso Literatura Kritikarako Nazioarteko Saria 2002an sortu zen eta, ordutik, zortzi ediziotan deitu da. Honako hauek eskuratu dute sari hau: Mª Isabel López Martínez (2002); Gloria Estela González Centeno (2003); Angel Pérez Martínez (2004); Miguel Zugasti Zugasti (2005); Josep María Rodríguez (2006); Alberto Santamaría (2007); Magda Beatriz Lahoz (2009); eta Alejandro Bekes (2010).


Amado Alonso, Irakaskuntzako Erakunde Libreko irakaslea


Amado Alonso (Lerín, 1896-Arlington, Estatu Batuak, 1952), Filosofia eta Letretan lizentziatu zen 1918an Madrilgo Unibertsitate Zentralean, eta Américo Castro eta Menéndez Pidalekin batera lan egin zuen Historia Ikasketen Zentroan. Han fonetikaren arloan sakondu zuen, eta gero espezialitate horrekin jarraitu zuen Hamburgoko Unibertsitatean (1922-1924). Espainiara itzuli zelarik, Irakaskuntzako Erakunde Libreko irakaslea izan zen. Aldi berean, Valle-Inclánen “Sonatei” buruzko doktoretza-tesia prestatu zuen, zeina 1927an irakurri baitzuen. Urte horretan berean, Atlantikoa zeharkatu zuen Buenos Aireseko Unibertsitateko Filologia Institutuaren zuzendaritzaz arduratzeko. Han ia hogei urte egin zituen.

1946an, Amado Alonso Harvardeko Unibertsitateko (Estatu Batuak) Espainiar Hizkuntza eta Literaturako irakaslea izan zen, hasiera batean, seihileko baterako, baina, Argentinako arazoak zirela medio, ezin izan zen itzuli. Han egon zen herriminak jota, Espainiara itzuli ezin zelako, 1952an hil zen arte.

“Espainiera Amerikan” eta “Gaztelaniaren Erdi Aroko ahoskeratik ahoskera garaikidera” bezalako lanen egilea edo “Revista de Filología Hispánica” bezalako argitalpenen sortzailea da, baina hizlari gisa ere nabarmendu zen, asko landu baitzuen arlo hori. Horri esker, makina bat unibertsitatetan egon zen. Chicagoko Unibertsitateko Honoris causa doktore inbestitu zuten eta Filadelfiako American Philosophical Society edo Letretako Argentinar Akademia bezalako erakundeetako kidea izan zen. Joan Evansekin ezkondu zen, eta lau seme-alaba izan zituzten.