Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateak ekitaldi bat antolatu du ostiral honetan, urriaren 22an, pentsioen sistema publikoaren erreformari buruz 100 ekonomistek prestatutako dokumentua aurkezteko. Ekitaldia 10:00etan hasiko da Gurbitzak eraikineko Nicolás de Oresme aretoan, eta Joseba de la Torre Fakultateko dekanoa izango da buru.Mikel Casares NUPeko Ekonomia Saileko irakasleak eta dokumentua sinatu duten ehun ekonomistetako batek egingo du aurkezpena. Aipatu dokumentuan, pentsio sistemaren erreforma handinahi baten aldeko apustua egiten da, zuzentasuna eman eta iraunkortasunaren arazoa behin betiko konpontzeko.

Dokumentua aurkeztu eta gero, iritzi mahai-ingurua dago programatuta, eta Unibertsitateko bost katedradun hauek parte hartuko dute mahai-inguru horretan. Juan Manuel Cabasés (Ekonomia Aplikatua); EmIlio Huerta (Enpresen Antolaketa), Jorge Nieto (Analisi Ekonomikoaren Hastapenak), Manuel Rapún (Ekonomia Aplikatua) eta Rafael Santamaría (Finantza Ekonomia eta Kontabilitatea. Galderen txandarekin amaituko da ekitaldia. Parte-hartzaileek beren iritzia eman ahalko diete hizlariei eta eztabaida sortu.

Dokumentuak izenburu hau du: “Pentsioen sistema publikoaren erreforma: 100 ekonomisten (FEDEA) proposamena. Pentsioen sistema publiko iraunkor, zuzen eta garden baterantz”. Ekonomia Aplikatuko Azterketen Fundazioak (FEDEA) sustatu du. Ikerketa zentro honen zeregina da zubi lana egitea mundu akademikoaren eta gizarte zibilaren artean. Proposamena sinatu duten ehun ekonomistak akademikoak dira, espainiarrak gehienak, eta mundu osoko unibertsitate ospetsuetan irakasten dute. Irakasle horietako gehienek 2009an sinatu zuten dokumentu bat lan erreformari buruzko ideiak emateko.

Hiru ardatz nagusi

100 ekonomistek hiru ardatz nagusiren inguruan antolatu dute proposamena. Lehenengo ardatzaren arabera, erretiro pentsioak eta lan bizitza osoan zehar benetan egindako kotizazioek proportzionalak izan behar dute, eta ez orain gertatzen den bezala, pentsioa kalkulatzen baita lan bizitzaren azken 15 urteetan egindako kotizazioen arabera. Bigarren lekuan, 100 ekonomistek adierazi dute erretiroa hartzeko adinak malgua izan behar duela, eta erretiroa hartzeko uneko bizi-itxaropenak baldintzatu behar duela pentsioa. Azkenik, doitze automatikoko baliabideak, aldaketa demografiko eta sozioekonomikoei aurre egiteko gai izango direnak, sartzearen aldekoa da proposamena.

Dokumentuaren amaieran, proposamen zehatzak egiten dira, eta horien artean daude: pentsioa arautzeko oinarria kalkulatzeko aldia pixkanaka lan bizitza osora zabaltzea; erretiroa hartzeko adina pixkanaka luzatzea 67 urterekin hartzeko, eta gutxieneko adina ere geroratzea 61 urte izatetik 63 urte izatera; halaber, pentsioa osorik jasotzeko eskubidea izateko beharrezkoa den urte kopurua pixkanaka handitzea, 35 urte behar izatetik 40 urte behar izatera.