Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak, Julio Lafuente jaunak, Campus Iberus izenekoaren aurkezpenean parte hartuko du bihar, asteartea, urriak 19, Madrilen. Nazioarteko Bikaintasun Campusaren 2010eko deialdira aurkezten den proiektua da, eta horretara Zaragozako, Errioxako eta Lleidako unibertsitateekin batera aurkeztu da NUP. Ikerketa Zientifikoen Goi Mailako Kontseiluak (CSIC) duen ekitaldi aretoan egingo da ekitaldia, eta Lafuente jaunak ondoan izanen ditu, halaber, Manuel J. López errektorea (Zaragoza), Joan Viñas errektorea (Lleida) eta José Martínez de Pisón errektorea (Errioxa).

Ebro Ibarreko (Campus Iberus) Nazioarteko Bikaintasun Campusa izeneko proiektua joan den ekainean aurre-aukeratu zuten kalifikazio hau erdiesteko hautagai gisa, laugarren onena izan baitzen aurkeztu ziren 32ren artean. Proiektuak nazioarteko batzorde baten aurrean aurkeztuko dira, batzordeak ebaluatzeko. Espero da erabakia aste honetan berean emanen dela jakitera, ostegunean edo ostiralean. Ekitaldia zuzenean ikusi ahal izango da Interneten, helbide honetan: http://www.educacion.es/campus-excelencia/2010.html

Campusaren proposamenak duen ezaugarri berariazko bat da lankidetzarako borondatea izan dutela lau autonomia erkidegotan dauden unibertsitate horiek, zeinak jakintza-arlo guztiak baitauzkate. Guztira ia 73.000 lagun biltzen dituzte (9.000tik gora irakasle-ikertzaile, 3.000tik gora administrazio eta zerbitzuetako langile eta 61.000 ikasle).

Campusaren proposamena hiru espezializazio arloren inguruan egituratzen da: materialak eta teknologia bizitza kalitaterako (bi alderdi dituena: osasunerako teknologia, eta energia eta ingurumena); nekazaritzako elikagaiak eta nutrizioa; eta memoria, ondarea eta identitateak.

Azpiegitura, zerbitzu eta zentro komunak abian jartzen arituko dira elkarlanean campuseko hiru unibertsitateak. Zehazki, proiektuak aurreikusten du Nazioarteko Graduondoko Zentro bat sortzea, beste zentro bat Berrikuntzarako eta Enpresak sortzeko, Enpresekin ikerketak egiteko zentro mistoak, eta Nazioarteko Harrerarako zentro bat. Horiek guztiak lau unibertsitateek kudeatuko dituzte.

Gainera, Campus Iberus proposamenaren barnean akordio bat prestatzen ari dira Frantziako Tolosa eta Pabeko unibertsitateekin, mugaz gaindiko campus bat eraikitzeko.

Lankidetza produkzio-inguruarekin

Elkarlanean aritzeaz gainera, campusa osatzen dute unibertsitateak loturak estutuko dituzte produkzio-inguruarekin, eta beren proiektu komunean hartuko dituzte hainbat enpresa, erakunde eta hiri. Campus Iberus proiektuak hamabost bazkide estrategiko dauzka; enpresa eta erakundeak dira, denak liderrak beren jarduera arloetan.

Estrategia Universidad 2015 planaren helburuekin bat etorriz, Iberus osatzen duten unibertsitateek modernizazio proiektu bati ekinen diote, eta prestakuntzaren eta ikerketaren kalitatean eta bikaintasunean oinarrituko dute. Horrek modua emanen die beren nazioarteko posizioa Europan eta munduan ikustarazteko, eta, aldi berean, Ebro ibarrean jakintzaren elkartzaile eta euskarri izateko, izan ere, konponbideak eskainiko baitituzte jakintzan eta berrikuntzan oinarritzen den ekonomia eredu baten bilakaerarako.