Joan eduki nagusira

zoom Eneko San Martín

Eneko San Martín

Nafarroako Unibertsitate Publikoan defendatutako master tesi batek proposamena egiten du Ezkaba mendia lehengoratzeko eta hiriko oihan parke gisa berreskuratzeko. Eneko San Martín Garde Nekazaritza Ingeniari Teknikoak aurkeztu du proiektua eta bere tesia izan da Ingurumeneko Nekazaritzako Biologia Unibertsitatearteko Masterrean. Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Euskal Herriko Unibertsitateak elkarrekin ematen dute master hori. Proposamena Rosa María Canals Nekazaritzako Ekoizpen Saileko irakasleak zuzendu du, eta Leticia Mendiorozen lankidetza izan du. Bertan aurreikusten da ibilaldiak diseinatzea eta higadurak edo lur-jausiek kaltetutako aldeak lehengoratzea.

Hain zuzen ere, proiektuan lau ibilbide ezberdin proposatzen dira. Lehena aisiarako eta ariketa fisikorako izango litzateke, eta berariaz diseinatuko litzateke kirola egiteko. 7,5 kilometroko ibilbidea da, malda handirik gabea. Bigarrenaren xedea paisaia da. Mendiko gailurrean zehar 5,5 kilometro egiten ditu, Ezkaba mendiak eskaintzen dituen ikuspegiez gozatzeko.

Proiektatu diren beste bi ibilbideak oihanari eta historiari buruzkoak dira. Lehenbizikoak 12 kilometro ditu. Mendia inguratzen du, iparraldeko eta hegoaldeko magaletan zehar. Berezko hariztiak eta artadiak zeharkatzen ditu, eta oihanberritzeko pinudiak ere bai. Azken ibilbideak izaera historikoa du eta San Cristobal gotorlekua inguratzen du (1,5 kilometro).

Planean aurreikusten da informazio kartelak jartzea ibilbide guztietan (gotorlekuaren historia ibilbide historikoan, arboladien azalpena oihanari buruzko ibilbidean edo informaziorako kartel panoramikoak paisaiari buruzkoan) eta parkeko sarreran, azken horretan informazio orokorra sartuz, inguruneari, erabilera publikorako kontzientziazioari edo arautegiari buruz. Beste alde batetik, ura izateko eta aisialdirako guneak ezartzen dira, eta proiektatzen da ibilbideetarako sarrrerak hobetzea, mendiko magaletan dauden herrietan aparkalekuak prestatuz.

Azkenik, proiektuak deskribatzen ditu mendian higadurak edo lur-jausiek kaltetutako aldeak, eta proposatzen du haiek lehengoratzea, bioingeniaritzako neurri berritzaileen bidez, alegia, inguruan diren baliabide naturalak (harriak, lurra, adarrak, adar-sortak) erabiltzea hobekuntzak egiteko ingurumenean ahalik eta kalte txikiena sortuz.