Joan eduki nagusira

zoom Bernardo Royo (eskuin) eta Gonzaga Santesteban ikertzaileak NUPeko praktiketako etxaldeko mahastietako baten ondoan

Bernardo Royo (eskuin) eta Gonzaga Santesteban ikertzaileak NUPeko praktiketako etxaldeko mahastietako baten ondoan

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileak eta Vitis Navarra mintegia dira “Biltzea, aztertzea eta eratzea tokiko mahats-barietateen landareen material genetikoaren bilduma” izeneko proiektuaren sustatzaile nagusiak. Proiektuaren helburua Nafarroan Garnatxa mahatsaren aldakortasuna berreskuratzea eta kontserbatzea da. Landareen material genetikoaren bilduma batek bidea ematen du populazio bat osatzen duten forma genetiko guztiak kontserbatzeko. Horrela, zenbat aldakortasun dagoen jakingo da eta, batez ere, informazio genetikoa identifikatuko da, eta gaur egungo baldintzetan merkaturako biotipo egokienak aukeratzeko modua emango du, eta etorkizunerako gordeko du, gaur egun aurreikusi ezin diren zenbait gairi erantzuteko xedez.

Bernardo Royo Díaz Nekazaritzako Ekoizpen Saileko irakaslea da proiektu honetan parte hartzen duen NUPeko ikerketa taldeko burua. Vitis Navarra mintegiko taldean sortu zen ekimena, Rafael Garcia zuzendaria dela, eta Nafarroan diren mahasti zaharretako garnatxa mahats-landare gehienak biltzeaz arduratu da taldea. Izan ere, bildutako guztiek 40 urtetik gora dituzte eta haietako batzuk jada bertan behera utzitakoak ere badira. Nafarroa osoan zehar 400 lursail baino gehiagotan 8 eta 12 zepa artean bildu ziren zoriz eta 4.000 landare erdietsi ziren. Hautatutako landare bakoitzetik sei landare gazte atera dira eta, horietatik hiru, heldu den udazkenean, behin betiko lursailean landatuko dira: lau hektarea inguruko azalera duen lursaila, 12.000 zepatik gora bilduko dituena.

Galtzeko zorian dauden barietateak gordetzeak nekazaritza biodibertsitatea gordetzen laguntzen du. “Gutxitan egin izan da Espainian klon aukeraketarako programa bat hemen egiten ari garen moduan” azaldu du Royo irakasleak, landareak hautatzeko modua azaltzen duela: “Garrantzitsua da aukeraketa ausazkotasun irizpideekin egin izana. Orokorrean, aukeraketak oso ezaugarri zehatzak dituzten landareak hautatuz egin dira, baina hori ez da xedea. Hemen, dagoen guztia bildu dugu, eta bildutakoaren artetik, aukeraketa egingo dugu. Sistema honen bidez, jakingo da egiazki zenbateko aldakortasuna dagoen, oso interesgarria den geneen erreserba izango dugu gaur egun pentsatu ere ezin ditugun arazoak konpontzeko; agian gaur lortu nahi duguna, bihar ez zaigu interesatuko, akaso bihar edo etzi beste zerbait beharko dugu eta, baldin badago, eduki egingo dugu, gorde egin dugulako.

Nafarroako Gobernuak, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko Departamentuaren bidez, 301.623 euroko diru-laguntza eman dio NUPi bi urtez luzatuko den lana garatzeko. Gainera, proiektuarekin lotuta dauden gainerako enpresek hainbat diru-laguntza jasoko dituzte. Zehazki, kopuru hauek eman ditu: 127.733 euro Vitis Navarra —kalitate genetiko eta sanitario hoberena duten mahats landareak mundu osoan hedatzen eta merkaturatzen jarduten duen mintegiari—; 18.580 euro Bodegas Príncipe de Viana upelategiari; eta 22.845 euro Industrial Tonelera de Navarra, haritzezko upelak fabrikatzen jarduten duen enpresari.

Helburu zientifikoak eta estrategikoak

NUPeko “Frutagintza eta Mahastizaintza aurreratuak” taldeko ikertzaileak arduratuko dira proiektuaren alderdi teknikoaz: landare guztien genomen ezaugarriak emateaz atzemateko aldakortasun genetikoa, mutazioak eta desberdintasunak; lan anpelografikoa egiteaz (mahatsondoaren azterlana, deskribapena eta identifikazioa) eta karakterizazio sanitarioaz, birusik dagoen edo ez atzemateko.

“Zurezko landareak beren portaeran eragiten duten birusekin infektatuta egon daitezke —azaldu du Gonzaga Santesteban García taldeko kideak—. Landatu aurretik, egin behar den lehenbiziko lana da haien guztien egoera sanitarioa egiaztatzea, oso garrantzitsua baita osasuntsu daudenak gaixo daudenengandik bereiztea, kutsatu ez daitezen”. Oraingoz, aztertu den % 80tik % 65ek ez du gaixotasunik azaldu. Nolanahi, guztiak gordeko dira, zeren, ikusten bada gaixorik dauden landareetako edozein interesgarria dela, sendatzeko prozedurak izan badirelako.

Karakterizazio genomikoari dagokionez, Bernardo Royok dio ikuspegi zientifikotik “oso interesgarria dela populazioaren egiazko aldakortasuna ezagutzeko bidea ematen digulako, eta gaur egun hori ez dugu ezagutzen”. Hurrengo urratsa, epe luzeago batean, desberdintasun genetikoak ezaugarri fenotipikoekin lotzea izango da: “Baliteke bi landare genetikoki ezberdinak izatea, eta, aldiz, mahatsa identikoa izatea. Hala ere, kontserbatu behar dira, zeren genetikoki ezberdinak badira, akaso bihar edo etzi arazo baten aurrean landareen portaera ezberdina izango da”.

Azkenik, proiektuaren beste puntu garrantzitsuetako bat mahastizaintzaren sektorean aplikatu ahal den merkataritza estrategian datza, garnatxa barietatea gero eta interes handiagoa hartzen ari baita. Vitis Navarrak eskura izango ditu biotipo egokienak bai gaur egungo gustuko ardoak bilatzen dituztenentzako bai bestelako mota berritzaileagoak bilatzen dituztenentzako. Horri dagokionez, proiektuan dago munduko herrialde oso ezberdinetatik ekarritako 70 mahats-barietate baino gehiago sartzea eta horien portaera aztertzea, gure baldintzetara nola egokitzen diren ikusteko eta dauzkaten aukera enologikoak eta merkataritzakoak aztertzeko.

“Berehala ohartu ginen ona izango litzatekeela proiektu honetan beste azken helburu batzuk dituzten enpresak parte hartzea, adibidez upelategiak —azaldu du Royo irakasleak—. Horregatik, bigarren fase batean, mahastizaintzarekin lotutako guztian Bodegas Príncipe de Viana upelategiak parte hartuko du, eta Intona upelak egiten dituen enpresari interesatzen zaio jakitea Garnatxa biotipo ezberdinak eta gainerako barietateak nola egokitzen diren ardoa ontzeko upela mota ezberdinetan.