Joan eduki nagusira

zoom Prentsaurrekoaren irudi bat.

Prentsaurrekoaren irudi bat.

Azkeneko lau urteotan NUPeko 1.462 tituludun laneratu dira, Unibertsitate-Gizarte Fundazioak kudeatzen dituen enpresetan praktikak egiteko programen bidez. Ikasle horiek kontratatu dituzten enpresen % 86,5ek nabarmendu dute “praktikak egitean erakutsitako jarrera” izan dela erabakigarria kontratua egiteko. NUPeko tituludunak Nafarroako lan merkatu kualifikatuan txertatzeko indizea % 67koa izan da 2009an.

Horra hor “Praktika programen eragina unibertsitarioak prestatu eta laneratzeko” izeneko txostenak eman dituen zenbait datu. Txosten hori Unibertsitate-Gizarte Fundazioak prestatu, eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuak kudeatu du. Txostenaren aurkezpena gaur egin da, eta bertan parte hartu dute Camino Oslé NUPeko Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordeak, Jesús Arrondo Unibertsitate-Gizarte Fundazioko zuzendari kudeatzaileak, Cristina Arcaya Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Prestakuntza eta Enpleguaren Behatoki Zerbitzuko zuzendariak, eta Juan Gallego Fundazioko Enplegu Arloko zuzendariak.

Fundazioaren Enplegu Arloak izan duen jardueraren emaitza da txosten hau. Hain zuzen ere, tituludun berriei enplegu kualifikatuetarako sarbidea erraztea da arlo horren helburua,.eta helburu horrekin antolatzen ditu, beste programa batzuen artean, enpresetan eta erakundeetan praktikak egiteko programa, laneratzeko tresna garrantzitsua baita, eta prestakuntzaren osagarri funtsezkoa, enplegatzaileek lanerako eskatzen dituzten trebetasun eta prestasunak ematen dituena. Horretaz gainera, Enplegu Arloak beste zerbitzu batzuk ematen ditu, esaterako, lan orientabidea, unibertsitate-gizarte topaketak sustatzen ditu, lan eskaintzak kudeatu, eta abar.


Enplegu Behatokia


Txosten hau Fundazioko Enplegu Behatokiak egin du. Horretan saiatzen dira ikusgarri eta erabilgarri bihurtzen praktiketako programen kudeaketak ematen duen informazioa, honela: informazio guztia sistematizatzen dute, parte hartzen dutenen gogobetetasuna ebaluatzen dute, laneratzean izan duten arrakasta neurtu, azaldu zein izan diren enplegatzaileek izan dituzten arrazoiak pertsona baten alde egiteko, eta ondorioak ateratzen dituzte unibertsitateko ikasleen prestakuntzaren hobekuntzari buruz. Informazio hori Nafarroako unibertsitarioen kontratazioari buruzko inkesta batek osatu du; izan ere, Fundazioaren Enplegu Zerbitzuak urtero egiten die inkesta hori enplegatzaileei.

Ikerketak bost kapitulu dauzka, zeinak bost txosten baitira berez: Ikasleen eta tituludunen praktikak (adierazle nagusiak, parte-hartzaileen gogobetetasuna, laneratzearen gradua); Praktika programaren bidez erdietsi diren hobekuntzak prestakuntzan; Tituludunak kontratatzeari buruz enpresei egindako inkesta (2009koa); eta Enpresen eta bekadunen gogobetetasuna Unibertsitate-Gizarte Fundazioarekin.


Praktikak 14 herrialdetan


Gaur den egunean, guztira 1.509 enpresa eta erakunde aritzen dira lankidetzan Unibertsitate-Gizarte Fundazioarekin, unibertsitateko ikasleak prestatzeko hitzarmenen bidez. Txostenean 2009ko jarduerari buruzko datuak jasotzen dira, urte horretan hasi baitziren praktiketan 817 unibertsitateko ikasle, hiru kontinentetako 14 herrialdetako hainbat enpresa eta erakundetan. 4.421.155 euro izan zen, guztira, beketan ordaindutako zenbatekoa. Epe horretan praktika programetan parte hartu zutenen % 44k laneratzea lortu zuten. Azken lau urteotako datu bateratuetan ikusten da 1.462 pertsona laneratu zirela programa hauen bidez.

Praktikak egiten aritu diren bekadunen gogobetetasuna % 90,7koa izan da, eta ia enpresa gehienek (% 95,5ek) parte hartu nahi dute berriz ere programa hauetan. Praktikak kudeatzeko gaietan Fundazioak eman dituen zerbitzuekin ere pozik daude bekadunak eta enpresak.

Beste datu nabarmen bat da NUPeko tituludunak Nafarroako lan merkatu kualifikatuan txertatzeko indizea 2009. urteko datuen arabera, txostenak erakusten du kontratatudunen % 67k Nafarroako Unibertsitatean egin zituztela ikasketak, Nafarroako enpresek NUPeko titulazioei dagozkien lanbide profilak eskatzen baitituzte.

Praktiketako tutoreei galdetu zitzaien, bestalde, zein alderditan egin zuten hobera beren ustez unibertsitateko ikasleek praktikak egitean. Hauek dira beren iritziz hobekuntza nagusiak: % 32 “ezagupenak praktikan jartzean” eta % 24 “arazoak konpontzeko” eta “lana antolatzeko” trebetasunetan.

Fundazioak jakin nahi zuen, gainera, zein arrazoi erabakigarri dituzten enpresek horrelako tituludunak kontratatzeko. Kasu horretan, 217 tutorek eta praktikak egin zituzten enpresetan kontratutako 207 bekadunek parte hartu zuten inkestan. Bekadunen % 86,5ek eta beren tutoreen % 85,30ek iritzi bera azaldu zuten esatean “praktikak egitean erakutsitako jarrera” izan zela erabakigarria kontratua egiteko.