Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Joaquín del Valle-Lerchundi, José Esquinas-Alcázar eta Joaquín González.

Ezkerretik eskuinera, Joaquín del Valle-Lerchundi, José Esquinas-Alcázar eta Joaquín González.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak gaur hasiera eman dio “Biodibertsitatea eta natura-guneen kudeaketa” izenburua duen udako ikastaroari. Ikastaroaren helburua da ezagutzera ematea nolako eragina duten nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako jarduerek ekosistemen jasangarritasunean eta biodibertsitatean, bai eta landa-ingurunean jasangarritasunari eta biodibertsitateari eusteko konponbideak azaltzea ere.

Ikastaroaren helburuak eta edukiak gaur aurkeztu dituzte ikastaroaren zuzendariek: Joaquín González, NUPeko Nekazaritzako Ekoizpen Sailaren irakaslea eta Joaquín Del Valle-Lerchundi Nafarroako Gobernuaren Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Sailaren biologoa. Prentsaurrekoan izan da beraiekin ikastaroaren lehen hizlaria: José Esquinas Alcázar. Madrilgo Unibertsitate Politeknikoaren irakaslea da, eta, hainbat urtez, Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen (FAO) funtzionarioa izan zen.

Ikastaroa, nagusiki, nekazaritza arloko erakunde eta sindikatuei, basogintzako biologoei eta arlo honekin lotutako diziplinetako ikasleei zuzendurik badago ere, edonork parte har dezake. Horretaz gainera, ikastaroa urte oso esanguratsuan egingo da. Izan ere, NBEren Batzar Orokorrak Bioaniztasunaren Munduko Urtea aldarrikatu du 2010. urtea.

Bost hitzalditan egituratzen da monografikoa, eta bi goizetan eta arratsalde batean emango dira. Hala, “Biodibertsitatea eta baliabide fitogenetikoak” izan ditu hizpide José Esquinas Alcázarrek bere hitzaldian. Biologia eta nekazaritza dibertsitatearen kontzeptua eta bere bilakaera historikoa azaldu ditu, eta baliabide horiek gizateriaren ondare gisa jasotzen duten babesari buruz hitz egin du. Goizeko saioa amaitzeko, Joaquín Del Valle-Lerchundik gai honi buruz hitz egin du: “Nekazaritza kudeaketa paisaia baldintzatzen duen faktore gisa”. Bere hitzetan, paisaiaren bilakaera eta biodibertsitatea baldintzatzen duten ekonomia-jarduera aipagarrienetako bat da nekazaritza kudeaketa (nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzakoa).

Gune babestuak

16:30etik aurrera, gune babestuei eta biodibertsitatearen kontserbazioari buruz hitz egingo dute hizlariek. Juan Carlos Basconesek, Nafarroako Gobernuaren Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Sailekoak, gai hauek aztertuko ditu: Zergatik babestu behar da ingurumena? Edo zer dakarkio nekazaritzaren garapenari natura-gune bat babesteak? Bestalde, Enrique Arrechea Veramendi Moncayoko Parke Naturalaren zuzendariak gai hauek izango ditu hizpide: gune babestu horren kudeaketa, nola kudeatzen den Parke Natural bat, zein zerbitzu ematen dituen eta nolako onurak dakarzkien kudeaketa horrek herritarrei.

Hilaren 29an, asteartean, Carlos Astrain Gestión Ambiental Viveros y Repoblaciones de Navarra enpresako kidearen txanda izango da, eta hitzaldi hau eskainiko du: “Zer egin babesik gabeko guneekin, haien biodibertsitatea kontserbatzeko? Babesik gabeko guneetan biodibertsitateari eusteko eta Administrazioak, nekazariek eta abeltzainek egin ditzaketen jarduerei buruzko jarraibideak emango ditu.

Mahai-inguru batek eta emaitzen azalpenak amaiera emango diote 12:00etan ikastaroari.