Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Adoración López, Elena Iriarte, Juantxo Madariaga eta José Vicente Urabayen.

Ezkerretik eskuinera, Adoración López, Elena Iriarte, Juantxo Madariaga eta José Vicente Urabayen.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Kultura Kudeaketako Profesionalen Elkarteak, Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan, espezializazio-ikastaroa antolatu dute toki-esparruko kultura kudeatzaileak prestatzeko. Nafarroan diseinatutako lehenengo Unibertsitate programa honen helburua da arlo honetako langileen profesionalizazioa sustatzea haiei kultura kudeaketako lana hobetzen lagunduko dieten oinarri teorikoak eta praktikoak emanez.

NUPeko Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren Prestakuntza Arloak kudeatuko du ikastaroa, eta arlo honen kudeaketarekin zerikusia duten diziplinetako unibertsitate tituludunei eta ezagutzak eguneratu nahi dituzten organizazio, kultura-enpresa eta erakundeetako profesionalei zuzentzen zaie. Eskolak 2010eko urriaren 5ean hasi eta 2011ko ekainaren 16an bukatuko dira. Inskripzio-epea maiatzaren 31n bukatuko da, eta gehienez ere 35 ikaspostu aurreikusi dira.

Programa honen edukia gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan Juan Madariaga ikastaroaren irakaskuntza zuzendariak eta NUPeko Historia Garaikideko irakasleak, Elena Iriarte Nafarroako Kultura Kudeaketako Profesionalen Elkarteko buruak eta Adoración López Jurío Nafarroako Gobernuaren Kultura eta Turismo Departamentuko Kultura Jardueren Zerbitzuaren buruak. Halaber, aipatu aurkezpenean José Vicente Urabayen elkarteko buruordeak ere parte hartu du.

Lan merkatu zabala

Unibertsitateko espezializazio ikastaroa sortu den une honetan, kultura kudeaketaren lan merkatua zabaltzen ari da, eta administrazio autonomikoan, toki administrazioan, enpresa arloan eta elkarteen arloan integratu da. Kultura politiken plangintza, jardueren programazioa, guneen kudeaketa, baliabideen bilaketa edo arteen ekoizpena eta sustapena eguneroko zeregin bihurtu dira toki-erakunde eta enpresetan, eta horiek profesional espezializatuak eskatzen dituzte jarduera horiek burutzeko.

Alabaina, Nafarroan lanbide honetan aritu direnek prestakuntzako espezializazio esperientzia txikia izan dute eta irakaskuntzako erreferentzia-esparru murritzegia arloko profesionalen beharretarako. Azken urteotan kultura kudeatzaile lanetan aritu diren lizentziadun edo diplomadunek autoikaskuntzaren bidez edo Nafarroatik kanpo sustatutako prestakuntza eskaintzen bidez egin dute lan.

Beraz, gaur aurkeztutako ikastaroaren helburua da diplomadun eta tituludunei kudeaketarako sarbidea erraztea, haiei arloaren profesionalizazioan sakontzeko beharrezkoak diren ezagutzak eta tresnask emanez. Era berean, egungo kudeatzaileen gaikuntza hobetu nahi du kultura planen eta proiektuen diseinu, garapen eta balioespena bezalako esparruetan, bai eta ezagutarazi ere kultura oinarrizko sektorea dela Nafarroaren gizarte, kultura eta ekonomia garapenerako. Hori guztia oinarri teoriko eta praktikoen bidez egingo da, eta Nafarroan, Espainian eta Europan garatutako kultura politikak aztertuko dira.

Juan Madariaga NUPeko Historia Garaikideko irakaslea izango da ikastaroaren irakaskuntza zuzendaria, eta enpresa pribatu eta fundazioetako profesionalek eta lau unibertsitatetako irakasleek emango dituzte eskolak. Ikastaroaren edukiari eta inskripzioari buruzko datu guztiak NUPeko Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren webgunean kontsulta daitezke: http://www1.unavarra.es/fundacionuniversidadsociedad/

Profesionalak Nafarroan

Nafarroako Kultura Kudeaketako Profesionalen Elkartea 1990ean sortu zen arloko profesionalen topagune izateko helburuarekin. Espainian daudenetan zaharrena da. Elkarteak 67 kide ditu, eta gehienek Udal Administrazioan lan egiten dute (% 79), baina beste administrazio batzuetan eta enpresa pribatuan lan egiten duten kideak ere baditu. Bazkideen % 57 emakumeak dira eta % 75ek 26 eta 45 urte bitarte dituzte.