Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak dagoeneko Europako Unibertsitate Eremura (EUEra) egokitu ditu masterreko 23 titulu ofizialak, 2010-2011 ikasturteko eskaintza osatzeko asmoz, beti ere Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak onetsi eta gero. Master horiei guztiei aldeko egiaztapena eman die Unibertsitateen Kontseiluak, Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak (ANECAk) ezarritako protokoloei jarraikiz. Unibertsitateen Kontseiluaren aldeko egiaztapena jaso duten azken bi graduondo hauexek izan dira: Masterra Ingeniaritza Mekaniko, Aplikatu eta Konputazionalean (IMAC) eta Masterra Materialen eta Fabrikazioaren Ingeniaritzan.

2010-11 ikasturtean eman nahi diren graduondoko 23 titulazio ofizialak ondoko hauek dira: Masterra Osasun Zientzietako Ikerketan, Masterra Osasun Publikoan, Masterra Erizaintzako Zainketen Kudeaketan, Masterra Kimika Iraunkorrean, Masterra Kimika Sintetikoan eta Industrialean, Masterra Nekazaritzako Elikagaien Industrietako Teknologian eta Kalitatean, Masterra Agrobioteknologian, Masterra Ingurumen Agrobiologian, Masterra Energia Berriztagarrietan: Sorkuntza Elektrikoa, Masterra Informatikako Teknologietan, Masterra Modelizazio Matematikoan, Estatistikan eta Konputazioan, Masterra Matematikako Ikerketarako Sarreran, Masterra Proiektuen Zuzendaritzan, Masterra Komunikazioetan, Masterra Ingeniaritza Mekaniko, Aplikatu eta Konputazionalean (IMAC), Masterra Materialen eta Fabrikazioaren Ingeniaritzan, Masterra Bigarren Hezkuntzako Irakasletzan, Masterra Musika Gaitasunen Garapeneko Ikerketan, Masterra gizarte moderno aurreratuetako aldaketa dinamiketan, Masterra gizabanako, familiako eta taldeko esku-hartzean, Masterra Historia, Espazio eta Ondareari buruzko Ikasketa Aurreratuetan eta Masterra Enpresen Ekonomia, Antolaketa eta Kudeaketan. Masterrei buruzko informazioa http://www.unavarra.es web gunean kontsultatzen ahal da.

Unibertsitateen Kontseiluak ontzat eman ditu  jadanik 6 graduondo berri, eta 2009-2010 ikasturteko eskaintzari gehitu izan zaizkio.  Eta orain EUEra egokitzeko egiaztatze prozesua gainditu duten 16 graduondo Nafarroako Gobernuaren onespenaren zain daude.

Matrikulazioa eta ikasturte hasiera

23 master horien aurreinskripziorako lehen epea datorren astelehenean, martxoaren 1ean, hasiko da, eta ekainaren 11n bukatuko da. Lehen epe honetan onartutakoek uztailean gauzatu behar dute matrikula. Unibertsitateak aurreinskripziorako bigarren epe bat irekiko du, uztailaren 29tik irailaren 3ra arte.

Gainera, Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak, berriki, 2010-11 ikasturteko masterren irakaskuntza-egutegia onetsi du. Ikasturtea urriaren 4an hasiko da, eta lehen seihilekoa 2011ko otsailaren 28an bukatuko da, baina titulazio bakoitzeko irakaskuntza-zuzendariek erabaki ahalko dute amaiera eguna, otsailean, irakaskuntza-antolaketaren arabera. Bigarren seihilekoa 2011ko otsailaren 1aren eta ekainaren 30aren artean garatuko da.