Joan eduki nagusira

zoom Idoia Ariz Arnedo, nekazaritza ingeniaria.

Idoia Ariz Arnedo, nekazaritza ingeniaria.

Idoia Ariz Arnedok, nekazaritza-ingeniaria denak eta NUPen doktorea Europako Doktorea Aipamenarekin, bere doktoretza-tesian analizatu du zer nolako eragina duen argi-intentsitate handiago edo txikiagoak landare jakin batzuetan, bai eta landare horiek nitrato eta amonioarekin nitrogenatutako ongarrien bidez elikatzeak dituen ondorioak ere. “Landareek nitrogenoa zer nola xurgatzen duten aztertzen du lan honek eta nola darabilten karbonoa argi-intentsitatearen arabera, bai eta nolako eragina duen horrek guztiak amonioa asimilatzerakoan ere, zeina landare gehienentzat toxikoa baita kontzentrazio handietan ematen bazaie”, azaldu du ikertzaileak.

Pedro M. Aparicio Tejo eta José F. Morán Juez irakasleek –NUPeko Natura Ingurunearen Zientzien Saileko Landare Fisiologiako katedraduna eta irakaslea hurrenez hurren- zuzendu dute bere doktoretza tesia, “Alta irradiancia y nutrición amoniacal en plantas: efecto en el balance carbono/nitrógeno y en la tolerancia al amonio” izenekoa, eta Bikain cum laude kalifikazioa eta Europako Doktoretza Aipamena erdietsi ditu.

Idoia Ariz Arnedoren ibilbide akademiko eta profesionala Nafarroako Unibertsitate Publikoari lotuta egon da beti, eta egun erakunde hartan lan egiten du ikerketa proiektuko lankide gisa. Frantziako irakaskuntza eta ikerketa zentroetan hainbat egonaldi egin ditu, argitalpen zientifikoetako hamar kapitulu baino gehiagotan eta artikulu zientifikoetan lankidetzan aritu da eta beste hainbeste biltzarretan txostenak eta komunikazioak aurkeztuz parte hartu du.

Ingurumen arloko arazo handienetariko bat da laborantza jarduerak eragindako kutsadura, gainazaleko eta lurpeko uretako nitrato kontzentrazioa handiagotzeak sortua. Egun, laborantza-ekoizpen iraunkorra lortzeko, ongarri egonkortuak daude. Ongarri horiek nabarmen jaisten dute nitrogenoa gas moduan eguratserantz lurrundu edo akuifero eta lurpeko uretara bideratua izateko probabilitatea, baina ongarri horiek erabiltzeak lurzoruko amonio ehunekoa handiagotzea dakar. Testuinguru honetan, aipatu behar da laborantza-iturrietatik datozen nitratoengatiko ur kutsadurak kalte ditzakeen hiru eremu daudela Nafarroan, Ebroren eta haren ibaiadarren alubioi-akuiferoan. Hala, martxoaren 20ko 128/2009 Foru Aginduaren arabera, kaltetuta edo arriskuan dauden 3 eremuak hauek dira: Ebroren alubioi akuiferoak Mendabian; Cidacosenak, Tafalla eta Murillo el Ceunde artean; eta Ebrorenak, Tutera eta Alagon artean.

Argitasuna eta karbonoa asimilatzea

“Amonioa eta nitratoa bi nitrogeno-iturri dira landareentzat –adierazi du Idoia Arizek–. Nitratoa da landareek gogokoen duten nitrogenoa lortzeko modua. Amonioa, aldiz, toxikoa da landare gehienentzat. Nolanahi ere, amonioak sintoma desberdinak ditu landare-espezie batean edo bestean, eta iradoki da tolerantzia handiagoa edo txikiagoa dela, beste faktore batzuen artean, karbono-erabilgarritasunaren arabera”.

Alderdi honetan ipini du arreta bere ikerketak, alegia, “gai honetan sakontzea: zer nolako betekizuna duen karbonoa erabilgarri edukitzeak, argi-intentsitate desberdinek emandakoak, landareek nitrogenoa amoniako modura asimilatzean”. Ilarra eta Arabidpsis thaliana izeneko espeziea erabili zituen bere lanean. Azterketaren ondorioen artean aipatzen da “amonio kontzentrazio handiek eta argi-intentsitate txikiek nabarmen mugatzen dutela ilarraren karbono kantitatea eta, azkenik, laboreen hazkundea murrizten (ekoizpen txikiagoa nitratoarekin alderatuz). Horretaz gainera, karbonoaren erabilgarritasun eta argi-intentsitate handiagoaren bidez lortutako energia-kopuru handiagoak amonioaren eragin toxikoa desagerrarazi eta ilar landareen hazkunde eta garapen handiagoa ahalbidetzen dute”.

Bere aldetik, A. thalianak eta ilarrak desberdin erantzuten diote karbonoaren erabilgarritasun handiagoari. “Litekeena da espezie horrek amonioa hostoetan asimilatzea. Ilarrak, aldiz, sustraietan asimilatzen du batez ere. Beraz, amonioa leku desberdinetan asimilatzeak baldintzatu egiten du beharbada amonio-elikadurarekiko sentsibilitate-tolerantzia maila bi espezietan.