Joan eduki nagusira

zoom José González Vián NUPeko katedraduna bere bulegoan

José González Vián NUPeko katedraduna bere bulegoan

José González Vián NUPeko Mekanika, Energetika eta Materialen Ingeniaritza Saileko katedradunak, jabetza hartu zuen urtarrilaren 11n, Sorbonako Unibertsitatean, Europako Termoelektrizitate Elkarteko Batzorde Zientifikoko kide iraunkor gisa. Elkarteak Europar Batasuneko herrialde guztiak biltzen ditu, antzinako Sovietar Batasuneko errepublikak barne, gehi israel, Turkia, India eta Pakistan. NUP da espainiar unibertsitate bakarra, diziplina horretako erakunde prestigiodunenetatik bitan parte hartzen duena, González Vián badelako ere, 2009tik aurrera, Termoelektrizitatearen Nazioarteko Akademiako (ITA) kidea. Akademia horrek Kieven du egoitza.

Termoelektrizitateak beroa eta elektrizitatea barnean dituzten fenomenoak ikertzen ditu. NUPeko Ingeniaritza Termiko eta Jariakinen Ikerketa Taldearen lan arlo zehatzak dira hozketa eta sorkuntza termoelektrikoa, eta halaber, Bosch-Siemens eta Liebher multinazionalekin egindako proiektuetan.

Termoelektrizitatearen aplikazioak anitzak dira: etxeko hozketa, hozketa eta sorkuntza termoelektrikoa aeronautika zibil eta militarrerako, ontzigintzarako, batez ere urpekoetan, eta eta arlo espazialerako, adibidez, behar diren baldintzak sortuz espaziontzietako neurgailuek zuzen funtziona dezaten. Halaber, aipatzekoa da termoelektrizitatearen erabilera energia elektrikoa sortzeko Cassini zundetan (Saturnorako misioan) eta Galileo eta Hubble teleskopioetan. Teknologia hori behar dute, ohol fotovoltaikoak ez direlako eraginkorrak Eguzkia hain urrun dagoenean. Ospitaletako esterilizazio geletan, biologian eta industria militarrean ere erabiltzen da termoelektrizitatea.

Termoelektrizitatearen abantailetan, hozketa eta sorkuntza teknologia tradizionalekin alderatuta, ondoko hau azpimarratzen du José González Viánek: “trinkoagoa, isilagoa, arinagoa eta seguruagoa da, eta balio-bizitza luzeagoa du, osagai mugikorrak minimizatzen direlako. Kalitate handia eskaintzen du hotza sortzeko, oso kontrol zehatza ahalbidetzen duelako, hala tenperaturarena nola hezetasunarena, eta hori ezin da lortu orain erabiltzen den lurrun konpresioaren bidezko teknologia erabilita.” Horregatik guztiagatik, termoelektrizitatea “egokia da elikagaien kontserbaziorako eta klimatizaziorako, oso berritzailea da eta ingurumenari errespetu handia eskaintzen dio.”


Aitorpena


González Vián europako Termoelektrizitate Elkarteko Batzorde Zientifikoko kide iraunkor izendatzeko barne bozketa egin zen Elkarteko kide guztien artean. Erreferentzia gisa erabili dira hautagaien curriculumak eta haien ekarpenak termoelektrizitatearen arloko ekoizpen zientifikoan: ikerketa aplikatuko proeiktuak, ustiatze patenteak, argitalpenak, biltzarrak eta ekarpenak termoelektrizitatearen aplikazioak garatzeko, ekoizpen sektoreei begira, esaterako, hozketa eta sorkuntza termoelektrikoaren sektoreei begira. José González Viánek, termoelektrizitatearen arlotik atera gabe, 25etik gorako argitalpen zientifiko ditu nazioarteko aldizkarietan JCR delakoan, 7 ustiatze patente Bosch-Siemens multinazionalarekin, 30etik gorako komunikazio nazioarteko biltzarretan, eta hamabiren bat ikerketa proiektu aipatu multinazionalekin.

Bere karguaren jabetza hartzeari dagokionez, NUPeko katedradunak eskertu zuen bere burutza duen Lan Taldeko kide guztien lana eta lankidetza, bereziki David Astrain, Antonio Rodríguez, Javier Valencia eta Juan José Aguas doktoreena, Álvaro Martínez eta José Luis Fernández doktoregaiena eta José Carlos Urroz laborategiko teknikariarena, “haien lankidetzarik gabe ezigo baitzen eskuratu talde honek termoelektrizitatearen arloan lortu duen maila, eta, horren ondorioz, orain niri egin zaidan aitorpena”.