• ES
  • EU
  • EN


[Ikerketa]

NUP-ek eta Mutua Navarrak protokolo berri bat garatu dute lan esparruan gertatutako sorbaldako lesioak errehabilitatzeko

Datu biomekanikoetan oinarritutako estrategia horrek baja medikoaren iraupena % 20 baino gehiago murrizten du, errekuperazio plan eraginkorragoa agintzeko aukera ematen baitu

zoomIkerketaren egileak. Ezkerretik eskuinera: Igor Setuain, José Luis Luque, Mikel Izquierdo, Ainara Paularena eta Miriam González Izal, Mutua Navarraren Biomekanikako Laborategian.

Ikerketaren egileak. Ezkerretik eskuinera: Igor Setuain, José Luis Luque, Mikel Izquierdo, Ainara Paularena eta Miriam González Izal, Mutua Navarraren Biomekanikako Laborategian.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikertzaileek eta Mutua Navarrako profesionalek estrategia berri bat garatu dute lan esparruan gertatutako sorbaldako lesioen tratamenduan gaitasun funtzionala hobetu eta errehabilitazioa optimizatzeko, baja medikoaren iraupena % 20 baino gehiago murrizten baitu. Protokoloak hainbat parametro eta froga funtzional deskribatzen ditu, eta horretarako indarraren, muskuluen jardueraren eta mugimendu mailaren datu biomekanikoak jasotzen ditu. Paziente bakoitzaren lesioari aurre egiteko errehabilitazio plan eraginkorragoa egin daiteke horrela.

Erresuma Batuko “BMC Musculoskeletal Disorders” zientzia aldizkarian argitaratutako ikerketa horren egileak honako hauek dira: NUPeko Osasun Zientzien Saileko Mikel Izquierdo Redín eta Igor Setuain Chourraut ikertzaileak eta Mutua Navarrako profesional talde bat, Miriam González Izal ingeniariak, José Luis Luque Ramírez errehabilitaziorako medikuak eta Ainara Paularena de Carlos fisioterapeutak osatua. Danimarkako Lars L. Andersen ikertzaileak ere parte hartu du ikerketan. Aalborgeko Unibertsitateko (Danimarka) irakaslea da, bai eta lan esparruko segurtasun eta osasun kontuetan espezializatutako ikerketa zentro bateko kidea ere (National Research Centre for the Working Environment).

"Lan esparruan, nahiz eta sorbaldako lesioak patologia ohikoenak ez izan, etengabeko erronka dira, sintomen konplexutasunaren ondorioz eta lesioaren iraupena handitu eta lan mundura itzultzea oztopatzen duten beste arazo klinikoak direla medio –azaldu du José Luis Luquek–. Arrazoi horrengatik garatu genuen protokolo hori, eta, laneko kontuengatik sorbaldako mina diagnostikatzen denean, protokolo horrekin bajaren iraupena % 20 murrizten da. Datu hori egiaztatu dugu 2015. eta 2016. urteetako estatistikak alderatuz".

Sorbalda, berez, bikain ahokatutako artikulazio multzoa da, eta tendoiekin eta muskuluekin batera besoaren mugimendu mordoa ahalbidetzen du. "Halere, mugikortasun handia eta mugimendu anitz  –baita esplosiboenak ere–bateratzeko gai den artikulazio sofistikatu horrek ondorioak ekar ditzake batzuetan. Adibidez, sorbaldako atal bigunean edo hezur egituretan ezegonkortasuna edo konpresioa handitzeak eta horren ondorioz mina edukitzeak. Arrazoi horrengatik, mina egon daiteke sorbalda mugitu edo ez, eta horrek tratamendu medikoa eta diagnosia eskatzen du" gaineratu dute Mikel Izquierdok eta Igor Setuainek.

Erabilera errazeko protokoloa

NUPen eta Mutua Navarraren lan honek algoritmo bat garatu du osasunaren esparruko profesionalen erabakiak ahalbidetzeko. Erabaki horiek hartzeko, “sorbaldaren artikulazioaren estatus funtzionalaren analisi zehatza egiten da, indarra, mugikortasuna eta muskuluen arteko koordinazioa aztertuz, eta pazienteak azaldutako minaren maila eta lesioaren diagnosi medikoarekin bat eginez". "Erabilera erraza duen eta osasun esparruko profesionalek erreproduzi dezaketen protokoloa da, eta patologia horren tratamenduan eraginkortasun eta efizientzia indizeak handitzeko erabiltzen da", adierazi du Setuainek.

Sorbaldan izandako lesioak "mina maizen eragiten duten zergatietako bat da, lepoko, belauneko eta bizkarreko minaren ondoren", azaldu du Mikel Izquierdo katedradunak. "Sorbalda neurrigabe erabiltzeak atal bigunak azkarrago hondatzea ekar dezake pertsonak zahartzen doazen heinean –azaldu du Setuainek–. Eskulanek eta kirolek ere arazoak sor ditzakete. Lan esparruan, adibidez lanen bat egiteko besoak sorbaldaren gainean jartzen direnean edo indar handia egiten denean eta mugimendu hori askotan errepikatzen bada, keinu behartu horrek eragin dezake, zati handi batean, mina azaltzea eta sorbaldaren mugatze funtzionala".

Aipatutako ikerketa NUPeko Mutua Navarra Katedraren lan ildoen barruan kokatzen da, eta Mikel Izquierdoren gidaritzapean ezagutza handitu nahi du lan esparruko osasunari eta errehabilitazioari buruzko gaietan.