• ES
  • EU
  • EN


[Ikerketa]

NUP-eko ikertzaile batek nutrizio aldetik osasungarriagoa den arkume-haragia lortu du, pentsu aberastu bati esker

Olaia Urrutia nekazaritza-ingeniariak linaziak, chia-haziak eta itsas algak gehitu ditu Nafar Arrazako animalien elikaduran

zoomOlaia Urrutia Vera nekazaritza-ingeniaria, NUPeko doktore berria

Olaia Urrutia Vera nekazaritza-ingeniaria, NUPeko doktore berria

Nafar Arrazako arkumeen dietan linaziz edo chia-haziz eta, batez ere, itsas algez aberastutako pentsua erabiltzeari esker, nutrizio aldetik osasungarriagoa den haragia lortzen da, omega-3 gantz-azido esentzial jakin batzuen edukia handiagoa baita. Hala egiaztatu du, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurri duen doktoretza-tesian, Olaia Urrutia Vera (Saldias, Nafarroa, 1986) nekazaritza-ingeniari eta erakunde horretako IS-FOOD institutuko (Institute for Innovation & Sustainable Development in Food Chain) ikertzaileak.

“Arkume-haragia balio biologiko handiko proteinen iturri bikaina da, eta zenbait mikromantenugai dauzka, hala nola mineralak –burdina, selenioa edo zinka–, bitaminak –B6, B12, A eta D– eta lipido bioaktiboak edo gantzak –azaldu du Olaia Urrutiak–. Halaber, gantz-azido aseen proportzio handia eta ‘trans’ gantz-azidoen kontzentrazio aldagarriak dauzka, dietan hartutako omega-3 gantz-azido esentzialak animaliaren errumenean edo zaku handian eraldatzearen ondorioz. Nolanahi ere, azido linoleiko konjugatuaren kontzentraziorik handiena daukan iturrietako bat da. Omega-6 gantz-azido esentzial bat da hori, eta, bere propietateengatik, giza osasunerako onuragarria izan daitekeela erakutsi da”.

 Kontuan izanda osasun-agintaritzek omega-3 gantz-azido esentzial gehiago hartzea gomendatzen dutela, giza organismoak sortuta ez baizik eta dietaren bitartez eskuratzen baitira, mantenugai horiek animalien elikaduran sartzea aztertzen ari dira, haragiaren profil lipidoa hobetzeko, hau da, haragiak dauzkan gantz motak hobetzeko. Horregatik, Olaia Urrutiak aztergai eduki du zer ondorio edukiko lukeen Nafar Arrazako arkumeen dietan omega-3 asko daukaten lehengaiak sartzeak, esaterako linaziak, chia-haziak edo itsas algak. Ikertzaileak hiru saiakuntza egin zituen, eta, bakoitzean, aipatutako lehengaiak proportzio aldagarritan erantsi zizkion hausnarkari horien elikadurari. Horretarako, kontrol-multzo bat baliatu zuen, zeinak garagarrez eta sojaz osatutako kontzentratu komertzial bat baino ez zuen kontsumitzen.

Gainera, omega-3 gantz-azidoek gantz-ehunean jarduteko baliatzen dituzten mekanismo molekularrak sakonkiago ulertzeko xedez, ikertzaileak zenbait gene lipogenikoren (gantz-azidoen sintesian esku hartzen dutenak) eta adipogenikoren (adipozitoen eraketa-prozesuarekin lotuta daudenak) adierazpenak aztertu ditu.

Haragiaren ezaugarriak

“Arkumeen dietan lihoa edo chia gehitzeak ez du errendimendu emankorretan aldakuntzarik eragin, eta, ohiko dieta batekin elikatutako animalien aldean, ez zen diferentzia esanguratsurik antzeman ez hiltzeko adinari, ez pentsua hartzeari, ez hazteko abiadurari dagokienez –adierazi du Olaia Urrutiak, zeinaren doktoretza-tesiak bikain “cum laude” kalifikazioa lortu baitu–. Era berean, ez zen aldaketarik izan haragiaren zentzumenezko kalitatean eta oxidazio-egonkortasunean; izan ere, usaina, zaporea, samurtasuna edota urtsutasuna aberastu gabeko pentsuak jan zituztenen antzekoak izan ziren. Aldiz, algak eta lihoa zeuzkaten dietek ondorio jakin batzuk izan zituzten haragiaren oxidazio lipidikoan, eta usain eta zapore bitxiak eragin zituzten. Aipatutako oxidazio lipidikoa elikagai batek dauzkan oxigenoaren eta gantz-azidoen –bereziki asegabeak– erreakzioa da, eta elikagaia hondatzearen arrazoietako bat izaten da”.

Hala ere, algek emaitza hobeak eman dituzte haragiaren nutrizio-kalitatean. “Lihoa, chia edo algak erasteak gantz-azidoen profil osasungarriagoa sustatu du haragian, batez ere omega-3 gantz-azido gehiago edukitzeagatik, baina algak gehitzea izan da alde horretatik emaitza onenak eman dituen estrategia. Horrez gain, omega-3 gantz-azidoak gehitzearen ondorioz, gantz-azidoen metabolismoarekin lotutako zenbait generen adierazpena modulatzea lortu da”, ondorioztatu du Olaia Urrutiak. Ana Arana Navarro eta Beatriz Soret Lafraya Nekazaritzako Ekoizpeneko Saileko irakasleak izan dira tesiaren zuzendariak.

Curriculum laburra

Olaia Urrutiak Nekazaritza Ingeniaritza, Agrobioteknologiako Masterra eta Bioteknologiako doktoretza egin zituen NUPen, ondoz ondo. Gainera, Nafarroako Gobernuak teknologoak trebatzeko ematen duen beka bat jaso zuen, eta haragiaren propietateekin lotutako lau ikerketa-proiektutan parte hartu du (NUPeko Nekazaritzako Ekoizpeneko Saileko Animalia Ekoizpena Arloan).

Olaia Urrutiak lau ikerketa-artikulu argitaratu ditu aldizkari indexatuetan, eta nazioko eta nazioarteko bederatzi kongresutan hartu du parte bere komunikazioekin.