Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ikasleen Kontseiluak bilketa solidarioa bultzatu du egun batean zehar unibertsitateko komunitateko kideen artean. Ekimen horri esker elikagai ez galkorren hamaika kaxa eta higiene pertsonalerako produktuen beste hiru kaxa eman dizkio Iruñeko Paris 365 jantoki solidarioari. Gizarte Laneko Ikasleen Elkarteak (AETS) ere parte hartu du ekimenean.

zoom Ikasleen Kontseiluko bi kide, Ines Asan (kontseilukidea) eta Luis Martínez Gómiz (kontseiluburua), emandako produktuekin kaxak prestatzen.

Ikasleen Kontseiluko bi kide, Ines Asan (kontseilukidea) eta Luis Martínez Gómiz (kontseiluburua), emandako produktuekin kaxak prestatzen.

Ikasleen Kontseiluak Arrosadiko campuseko ikasgelategian duen bulegoan bildu ziren produktuak zortzi orduan, eta, zenbatutakoaren arabera, ikasle, langile eta administrazioko eta zerbitzuetako langileek emandako produktuen % 62 elikagaiak dira (pasta, galletak, arroza, olioa, barazki-, fruta- eta arrain-kontserbak, esnea, zerealak, haurrentzako janaria eta hestebeteak, batez ere). Gainerakoak garbitzeko gaiak ziren (batez ere, emakumeen higienerako eta aho-osasunerako). 

“Poz handia eman digu ikusteak jendea gogoratu dela haurrentzako produktuak ekartzeaz, bai elikagaiak bai zaintzakoak”, esan du Luis Martínez Gómiz NUPeko Ikasleen Kontseiluko buruak. Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzeko Nazioarteko Programa egiten ari da kontseiluburua.