Joan eduki nagusira

Tracasa Instrumental eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP), ARIN (Artificial Intelligence and Machine Learning Research) ikerketa taldearen bidez, adimen artifizialeko (AA) proiektu berritzaile bat  garatzen ari dira Mugetako eta Kostaldeetako Guardiaren Europako Agentziarentzat (Frontex), mugen zaintza hobetzeko. Zehazki, Nafarroako Gobernuko enpresa publikoa, Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari atxikitako erakundea, eta NUP algoritmo bat ari dira garatzen, aukera ematen duena eremu mugakideetako baso eremuetan airetik hartutako LiDAR puntuen hodeiak (Light Detection and Ranging siglak dituen teknologia) abiadura handian prozesatzeko eta ezkutuko objektuak identifikatzeko, hala nola ibilgailuak eta babeslekuak. 

Proiektua Frontexen Ikerketarako Dirulaguntzen Programaren esparruan ari dira garatzen (Frontex Research Programme Grants ingelesez). Europar Batasuneko mugak kudeatzeko eta berrikuntza bultzatzeko gaitasunak hobetzen laguntzen du programak. Alde horretatik, programak eskala txikiko proiektuak finantzatzen ditu, ikertzaile, garatzaile eta azken erabiltzaileek neurrira egindako teknologien garapenean lagundu dezaten, eta Frontexek bere gaitasunak hobetzen urratsak egin ditzan, batez ere teknologiaren eta berrikuntzaren arloan. 

Zehazki, Tracasa Instrumentalen eta NUPen proiektuak abiapuntua du herrialdeen arteko mugako baso-eremuetan LiDAR sentsoreen bidez airetik hartutako puntu-hodeietan. Gailu horiek igorpen-puntu batetik azalera jakin baterako distantzia zehazten dute, pultsua igortzen denetik pultsua jasotzen den arte igarotako denbora kontuan hartuta. Material horrekin, Nafarroako bi erakundeak adimen artifizialeko eredu bat ari dira garatzen, LiDAR puntuen hodei horiek abiadura handian prozesatzeko eta, baso-geruzaren azpian, mugak zaintzeko interesgarriak izan daitezkeen ezkutuko objektuak identifikatzeko gai izango dena, hala nola ibilgailuak eta babeslekuak. 

Proiektu berritzaile horren helburua da Frontexi mugen kontrola eta zaintza kudeatzeko eta gauzatzeko informazio gehiago emanen dion konponbide teknologiko bat garatzea, Europako agentziak arlo horretan markatutako ikerketa arlo estrategikoen ildotik: muga legez kanpo zeharkatzeko ahaleginak detektatzeko teknologiak (sentsore anitzeko sistemak barne); sentsore eta plataforma anitzeko zaintza sareak (tripulatuak eta tripulatu gabeak); eta iturri anitzetatik lortutako zaintza datuen fusio automatizaturako teknologiak.