Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Introducción a las comunicaciones industriales. Fundamentos izeneko liburua argitaratu du. Ingeniaritzari, informatikari eta telekomunikazioei buruzko bilduma baten laugarren liburukia da. Ignacio del Villar Fernández Teknologia Elektronikoko katedradun eta Smart Cities Institutua (ISC) erakunde akademikoko ikertzaileak idatzitako gidak modu argian eta progresiboan murgilduko zaitu aipatutako arloan, zeina egungo industriaren garapenean funtsezkoa baita. Monografia paperean saltzen da, 26 euroan.

Industria-komunikazioek ekoizpen inguruneetako gailuen, sentsoreen eta sistemen arteko konexioa ahalbidetzen dute, eta horri esker, automatizazioa, urruneko kontrola eta prozesu digitalak txertatzeko aukera irekitzen da. Gero eta garrantzi handiagoa duen arren, ia ez dago diziplina horri modu antolatu eta ulergarrian heltzen dion gaztelaniazko hastapeneko eskulibururik. Azken liburu honek premia horri erantzuten dio, eta telekomunikazioetako aurretiazko prestakuntzarik ez duten ingeniaritzako profesionalei eta ezagutza horiek industria-ingurunean aplikatu nahi dituzten profil teknikoei begira idatzita dago.

zoom Ignacio Villar Fernández katedraduna, berak idatzitako liburuarekin.

Ignacio Villar Fernández katedraduna, berak idatzitako liburuarekin.

Liburuak zortzi kapitulu ditu, eta komunikazioen kontzeptu orokorretatik hasi eta Industrial Internet of Things (IIoT) delakoaren azken joeretarainokoak biltzen ditu. Testuan zehar, zenbait teknologia esplikatzen dira, hala nola ordenagailu-sareak, serieko oinarrizko komunikazioak, industria-sareak, kontrol-sareak, sentsore- eta eragingailu-sareak eta haririk gabeko sareak. Gainera, atal bakoitzean ariketa sorta bat eta horien soluzioak ere biltzen ditu; horrek lanaren erabilgarritasun didaktikoa indartzen du.

Egilearen biografia laburra

Egilea, Ignacio del Villar, Telekomunikazio Ingeniaritzako doktorea da NUPen, zuntz optikoko sentsoreetan espezializatua, eta erakunde horretan egin ditu bere irakaskuntza- eta ikerketa-ibilbideak. Gaur egun elektronikaren eta industria-komunikazioaren arloko irakasgaiak ematen ditu eta gai horiei buruzko bi liburu argitaratu ditu dagoeneko.

Irakasle lanarekin batera, ikerketa-ibilbide luzea egin du sentsoreak ardatz hartuta; hala, 250 argitalpen zientifiko baino gehiago egin ditu nazioarteko aldizkari eta kongresuetan, egilekidea izan da sei liburutan eta koedizioan argitaratu den beste batean parte hartu du: Optical Fibre Sensors: Fundamentals for Development of Optimized Devices izeneko liburuan, zeina Wiley argitaletxe estatubatuarrak argitaratu baitu IEEErekin lankidetzan (Institute of Electrical and Electronics Engineers). Era berean, nazioarteko aldizkarien editorea izan da, besteak beste Optics and Laser Technology nazioarteko aldizkariarena, eta orain Sensors aldizkariarena. Ekintzailetza-jarduerak ere egin ditu curriculumaren osagarri, NUPek spin-off gisa aitortu dizkion oinarri teknologikoko bi enpresa sortu baititu: Eversens eta Pyroistech.

Horiez gain, zientziaren eta fedearen arteko elkarrizketari lotuta, zenbait zientzialariren biografien dibulgazio liburuak idatzi ditu, eta Society of Catholic Scientists elkarteko kidea da.