Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Antes de Zugarramurdi. La primera caza de brujas en Navarra (1525-1526) (Zugarramurdi baino lehen. Sorginen lehen ehiza Nafarroan. 1525-1526) liburua argitaratu berri du. Lan horrek argitara ateratzen du, gertakaritik bost mende betetzera doazen honetan, Logroñoko 1610eko fede-auto ezaguna baino zortzi hamarkada lehenago sorginkeriaren aurka Iruñetik abiatutako jazarpen zibila. Ikerlana Jesús Moya Mangas (Bilbo, 1929) unibertsitateko irakasle erretiratuak sinatu du. Lan horren bidez, berriz heldu dio Gustav Henningsen (1934-2023) historialari eta antropologo daniarrak hasitako ikerketari, non Pedro de Balanza lizentziatu, auditore eta Nafarroako Errege Kontseiluko kideak Pirinioetako ibarretan bultzatu zuen prozesuaren berreraikuntza dokumentatua aurkeztu baitu. Liburuki hori Henningsen Bildumako bigarrena da; izan ere, bilduma horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoak omenaldia egin dio sorginkeriaren eta Inkisizioaren arloko munduko aditu /handienetako bati, bere artxibo eta liburutegi pertsonalak laga baitzizkion erakunde akademikoari. Monografia salgai dago, paperean, 35 euroan.


Jesús Moya Mangas, Nafarroako sorginkeriari buruzko liburuaren egilea, Arrosadiko campusean egindako argazkian.
Lana nobedade bat da generoaren barruan, ia ezezaguna den gertaera bat ikertzen baitu: Pedro de Balanzak, 1525ean, ustezko sorginen aurka abiatutako kanpaina zibila Nafarroako Errege Kontseiluaren izenean eta Karlos I.a Espainiako erregeren agintepean egina Inkisizioaren ondorengo esku-hartzeetan ez bezala, jarduketa hura zibila izan zen hasiera batean, eta zazpi hilabete pasatxo iraun zuen, Calahorrako (Errioxa) Inkisizio Epaitegiak bere gain hartu zuen arte.
Ikertzaileak orduko gertaerak berreraiki ditu: lehenbizi, sorgin ehiza nola piztu zen Agoitzen; gero, Ardaitzen (Erroibar) salatu zen lehenbiziko akelarrea; eta, azkenik, kanpaina hark nola jo zuen goia Auritzen, Pedro de Balanzak fede-auto itxurako exekuzio bat egin zuenean. Liburuan Errege Kontseiluaren, Iruñeko apezpikutzaren eta Inkisizoaren arteko eskumen-gatazkak aztertu ditu, eta lizentziatuaren jarduna markatu zuten tentsio erlijioso eta politikoak jarri ditu agerian.
Deabruzko sorginkeria eraikuntza ideologiko gisa
Ikerketaren elementurik azpimarragarrienetako bat da deabruzko sorginkeria eraikuntza ideologiko gisa aztertzen duela. Izan ere, XV. mendearen erdialdetik aurrera, teologo domingotarrek deabruzko sorginkeriari buruzko propaganda hedatu zuten, eta ondoz ondoko aita santuen babesa izan zuten horretan. Kapitulu batean, egileak azaltzen du ikasketak Bolognan eginak zituzten Errege Kontseiluko kide batzuen bidez iritsi zela eraikuntza ideologiko hori Nafarroara; "konexio bolognar" gisa izendatzen ditu kide horiekesaten dio lotura horri.
Liburuan aztertzen da, halaber, sorgin-ehiza horrek nolako eragina izan zuen gerora Inkisizioan, Balanza kasutik baztertu ondoren, hark hartu baitzuen gertaerak argitzeko ardura, baina orduan ere, ondorioak ez ziren guztiz argiak izan. Bukatzeko, Granadako Batzarraren (1526) azterketa xehea ere jasotzen du. Batzar hori Inkisizioak deitu zuen, deabruzko sorginkeriari buruz eztabaidatzeko. Eztabaida berdinduta amaitu zen, eta, egilearen esanetan, boto bateko aldeaz ebatzi zen, sorginek erritu satanikoetan fisikoki parte hartzen zutela defendatzen zuen ebazleetako baten botoari esker, hain zuzen ere. Dioenez, bertan ziren inkisidoreak gutxiengo eszeptikoaren parte ziren, erritu horiek inolako oinarri materialik ez zuten amets, begitazio edo sugestiotzat hartzen baitzituzten.
Lan hau aitzindaria da Nafarroako sorginkeriari buruzko historiografian, eta Zugarramurdiko prozesua hamarkada batzuk lehenago hasitako prozesu baten epilogo modura kokatzen du, orain arte argitaratu gabeko iturriak biltzen ditu, haien ohar eta itzulpen eta guzti, bai eta jazarpen horien oinarri izan zen testuinguru teologiko, juridiko eta politikoaren azterketa ere.
Idoate artxibozainaren lana
Florencio Idoate Iragui (1912-2001) artxibozain nafarra izan zen Balanza kasua ezagutzera eman zuen lehena, baina ez zen kasua guztiz argitzera iritsi, behar besteko dokumentaziorik ez zuelako eta interpretazio akatsak egin zituelako. Horri, ordurako ezagunak ziren iturri batzuetan, antza denez nahita eragindako iluntasuna gehitu behar zaio –Sandoval kronikariak Historia del emperador Carlos V (“Karlos V.a enperadorearen historia”) liburuan emandako albiste klasikoa litzateke horietako bat–, Jesús Moya egileak dioenez.
Orain argitara eman den liburu honek badu bere historia propioa. Gustav Henningsenek, duela urte batzuk, proposamen bat egin zion Jesús Moyari: elkarrekin eta bere gidaritzapean aztertzea ordura arte ezezagunak ziren dokumentu batzuk (gutunak, batik bat), dokumentu horiek Pedro de Balanzaren jarduna eta Granadako Batzarrarekin zuen harremana interpretatzeko gakoak ematen baitzituzten. Denbora batez elkarlanean aritu ziren material hori aztertzen, harik eta Henningsenek, gaixotasun terminal baten ondorioz, proiektua utzi behar izan zuen arte. Orduan, haren lankidearen esku geratu zen proiektua.
Egilearen biografia laburra
Jesús Moya Mangasek Valladolideko Errege Ikastetxe Filipinarrean egin zituen (1949-1953) eliz ikasketak (Humanitateak eta Hizkuntzak, Filosofia, Teologia, Historia eta Zuzenbidea), eta, 1975ean, Biologia Zientzietan doktoratu zen Euskal Herriko Unibertsitatean. Biologia Zelularreko eta Animalia Histologia Konparatuko irakasle izan zen Unibertsitate horretako Zientzien Fakultatean (1968-1994).
Biblia de Jerusalem (Jerusalemgo Biblia; espainierazko bertsioa, Desclée de Brouwer, Bilbao) liburuaren itzultzaile taldeko kide da 1967az geroztik. Besteak beste, honako liburu hauek idatzi ditu: Martin del Río. La Magia Demoníaca (Martín del Rió. Deabruzko magia. ‘Disquisiciones mágicas’ saileko II. liburukia, 1991), Julio Caro Barojaren hitzaurrea du; Las máscaras del santo. Subir a los altares de Trento (Santuaren maskarak. Trentoko aldarera igotzea, 2000) Luis Carandellen hitzaurrearekin; eta Epistolae Obscurorum Virorum/Cartas de Desconocido, (Epistolae Obscurorum Virorum/ Ezezagunen gutunak, 2008), latinezko testua eta gaztelaniazko itzulpena ditu, eta baita sarrera, oharrak eta testu osagarrien aukeraketa bat ere.
Henningsen Bilduma
NUPeko Henningsen Bildumak izen bereko ikerlari daniarra aitzindari izan zen ikerketa-lerroak ezagutaraztea du xede. Hori horrela, bilduma horretan, askotariko gaiak jorratuko dira: sorginkeria, aztikeria, sineskeria, mugimendu heterodoxoak, heresia, erlijio disidenteen aurkako jazarpen inkisitoriala, zentsura eta kontrol soziala. Historiaren ikuspegitik ez ezik, beste arlo batzuetatik ere landuko dira, gai horiek egokiak baitira beste zientzia sozial batzuetatik ikertzeko, adibidez Zuzenbidetik, Ekonomiatik, Antropologia Kulturaletik, Psikologiatik eta Soziologiatik.
Pueblos infernales y abogados de las brujas. Caza de brujas en Navarra (1608-1614) (Infernuko herriak eta sorginen abokatuak. Sorgin ehiza Nafarroan. 1608-1614) da bildumako lehen liburua, Lu Ann Homza historialari eta Virginiako unibertsitateko (AEB) irakasle estatubatuarrak idatzia. Bilduman argitaratu dena haren “Village Infernos and Witches” Advocates: Witch-Hunting in Navarre, 1608-1614” lanaren itzulpena da, eta jatorrizkoa Pennsylvaniako Estatu Unibertsitateko argitaletxeak argitaratu zuen.