Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) International Workshop on Metrics and Models for Economic and Spatial Analysis egin da (Analisi Ekonomiko eta Espazialerako Metrika eta Ereduei buruzko Nazioarteko Tailerra). Topaketa akademiko honetan ikertzaileak bildu dira, fenomeno konplexuak irudikatzeko, ebaluatzeko eta iragartzeko aukera ematen duten tresnak eta metodoak partekatzeko, bereziki dimentsio espaziala dutenak, eta hainbat esparru zientifikotan aplikatzekoak direnak, hala nola ingurumen-zientziak, estatistika, ekonomia edo ingeniaritza. INARBE Institutuak (Institute for Advanced Research in Business and Economics)  eta Nafarroako Doktoretza Eskolak (NADOE)  antolatu dute ekitaldia, eta aztergai izan ditu denboran zehar paisaiak nola aldatzen diren aztertzeko teknikak, horretarako erabiliz mapak, satelitezko irudiak eta geografia, ingurumena edo lurraldearen kudeaketa bezalako esparruetan erabiltzen diren tresna informatikoak.

zoom NUPen egindako nazioarteko topaketa zientifikoan parte hartu duten ikertzaileak.

NUPen egindako nazioarteko topaketa zientifikoan parte hartu duten ikertzaileak.

Bileran jorratutako metodologiak modelizazio eta ebaluazio prediktibo gisa ezagutzen den horretan biltzen dira, hau da, benetako egoerak simulatzea eta horien bilakaera aurreikustea ahalbidetzen duten irudikapen matematikoak sortzea, batez ere ziurgabetasuna dagoen testuinguruetan. Teknika horietako askok datu espazialak lantzen dituzte: leku jakin bati lotutako informazioa, hala nola nekazaritza-mapa bat, satelite-irudi bat edo populazio baten banaketa.

Topaketan besteak beste Espainiako, Estatu Batuetako eta Portugalgo unibertsitateetako hogei bat lagunek parte hartu dute. Gehienek ekonomia, estatistika edo ingeniaritza arloetako doktoretza-programetan parte hartzen dute, nahiz eta ibilbide finkatua duten irakasleak eta espezialistak ere bertaratu diren.

Tartean dauden ikerketa-taldeak

NUPen, hiru ikerketa-taldek parte hartu dute jardunaldian: Gizarte Oreka eta Erabaki Ekonomikoak izeneko taldeak, zeinak Juan Miguel Benito Ostolaza INARBE Institutuko irakasle eta ikertzailea baitu buru, hainbat gai lantzen ditu, hala nola ekonomia esperimentala, garapena edo baliabide naturalak; Estatistika Espazialak, zeinak Lola Ugarte Martínez (INAMAT²)  Material Aurreratuetako eta Matematikako Institutuko katedradun eta ikertzailea baitu zuzendari, aztergai ditu espazioan eta denboran zehar banatutako datuak, sarri satelite bidezko irudien babesarekin; eta THERRAE: Teledetekzioa, Hidrologia, Higadura, Ureztatzeak eta Egituren Analisia taldeak, zeinak Mikel Goñi Garatea ISFOOD  Institutuko irakasle eta ikertzailea baitu zuzendari, datu espazialak sortzeko teknologiak ikertzen ditu irudi optikoen eta radar bidezkoen prozesamendutik abiatuta.

“Bilera zientifikoaren helburua izan da diziplinarteko espazio bat sortzea, ziurgabetasuneko testuinguruetako ebaluazio prediktiboaren erronkei buruz eztabaidatzeko, diziplinen artean tresna erabilgarriak partekatzeko eta hainbat arlotako ikertzaile gazteen arteko elkarrizketa sustatzeko”, azaldu du Julen Perales Barriendo NUPeko Ekonomiako doktoretzako ikasle eta topaketaren antolatzaileak.