Atzo, asteazkena, ekainak 4, inauguratu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Jakintza eta Kultura Zientifikoa Zabaltzeko Laboral Kutxa Katedrak Arteari eta Zientziari buruzko I. Lehiaketa Iruñeko La Fábrica de Gomas kultur gunean. Erakusketan ikusgai daude hamar artista hautaturen lanak, eta aztergai dituzte artearen, zientziaren eta adimen artifizial sortzaile berrien arteko harremanak hainbat ikuspegitatik. Inaugurazio-ekitaldian izan ziren Ramón Gonzalo NUPeko errektorea, Joaquín Sevilla Katedraren zuzendaria, Javier Cortajarena Laboral Kutxako lurralde-zuzendaria eta finalistetako batzuk. Erakusketa ekain osoa egonen da ikusgai Iruñeko kultur gune horretan.


Ramón Gonzalo errektorea, Fábrica de Gomas kultur gunean egindako erakusketaren inaugurazio-ekitaldian.
Lehiaketa Katedrak 2025erako bultzatutako jardueren artean dago. Lehiaketa "bi kulturen" — zientifikoa eta humanistikoa — arteko bereizketa tradizionalari buruzko hausnarketa kritikoa egiteko plataforma gisa sortu zen, eta azken urteetan adimen artifizial sortzaileen agerpenak eta hedapenak agerian ipini dute berriz bereizketa hori. Jorge Isla (lehen saria) eta María José Sánchez (bigarren saria) izan ziren lehiaketaren irabazleak.
Ezagutzaren dibulgazioa eta ikuspegi artistikoak
Bere esku-hartzean, Joaquín Sevillak azaldu zuen “Katedraren sorrerako helburua dela ezagutza gizarteratzen laguntzea. 2020an sortu zenetik, kultura zientifikoko jarduerak sustatzearen aldeko apustua egin dugu, eta bereziki jakintza zientifikoak eta ikuspegi artistikoak lotzen dituzten proiektuak sustatzearen aldeko apustua.
“Gure ideia da —gehitu du— artistei proposatzea gogoeta egin dezatela gizartean garrantzia duten arazoei buruz. Hortik aitzina, unibertsitateak laguntza ematen die beren lanak gauzatzeko behar duten jakintza zientifiko guztia eskainiz. Aurreko edizioetan hainbat gairi buruz jardun dugu, hala nola pandemien historia edo energia. Aurten, adimen artifizial sortzailean jarri dugu arreta, eta lehiaketaz baliatu gara artearen, teknologiaren eta pentsamendu kritikoaren arteko elkarrizketa bideratzeko”.
Adimen artifizialeko tresnen erabilera nahitaezko baldintza ez bazen ere, aukeratutako lan guztiek aztergai dituzte moduren batean teknologia horrekin lotutako tentsio etikoak, teknikoak, estetikoak edo filosofikoak. Epaimahaiak proposamenen kontzeptualizazioa, esperimentazio formala eta gaitasun kritikoa baloratu zituen.
Javier Cortajarena Laboral Kutxako lurralde-zuzendariak nabarmendu zuen “sormena eta ezagutza lotzen dituzten ekimenak babesteak duen garrantzia. Artearen eta zientziaren arteko bidegurutze horretan, eraikitzen ari garen munduari buruzko funtsezko galderak sortzen dira, eta hor hartzen du lehiaketak zentzua”.
Bestalde, Ramon Gonzalo errektoreak nabarmendu du “unibertsitatea ezin dela eztabaida garaikide horietatik kanpo geratu. Gisa horretako proiektuek erakusten dute nola eraiki diziplinen, hizkuntzen eta publikoen arteko zubiak, dibulgazio zientifikoa gizartearen bizitza kulturalean integratuz”.
Artista finalistak
Erakusketak 10 artista finalista hauen lanak biltzen ditu (haien lanak ikusgai egonen dira ekain osoan): Jorge Isla (lehen saria), María José Sánchez (bigarren saria), Pedro Marco, David Benito, Andrea Abalia, Ernesto Neftaly, Joan Fierro, Karlos G. Liberal, Elaia Blades eta Neisa Escobar Canedo