Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), UNITA aliantzako kidea baita, graduko, unibertsitateko masterreko eta doktoretzako bere ikasleei zuzendutako mugikortasun birtualeko deialdi bat zabaldu du berriki. Deialdi horri esker online eginen dira UNITA aliantzako kide diren unibertsitateek eskainitako irakasgaiak, ikasgaiak eta hizkuntza-ikastaroak. Izen-ematea sigma plataformaren bidez eginen da, eta izena emateko epea ekainaren 16an amaituko da. 

zoom Ikasle batzuk NUPen.

Ikasle batzuk NUPen.

Ekimena bat dator UNITAren lehentasunezko helburuetako batekin, hots, Aliantzako hezkuntza-erakundeen arteko mugikortasun fisiko eta birtualak nabarmen areagotzea. 

Parte hartzeko baldintzak eta eskaintza birtuala

Deialdian parte hartzeko, ikasleek arduraldi osoan matrikulatuta egon behar dute NUPeko graduko, unibertsitate masterreko edo doktoretzako ikasketa ofizialetan (2024-2025 ikasturtea), eskaera aurkezteko unean, eta, orobat matrikulatu 2025-2026 ikasturtean, mugikortasun birtualeko aldian, unibertsitate hartzailean. Baldintza gehigarri gisa, kasu bakoitzean eskatzen den hizkuntza-maila egiaztatu beharko dute.

Irakasgaien eskaintzaren barruan daude bai hizkuntza-ikastaroak (italiera, frantsesa, errumaniera eta elkar ulertzea) bai irakasgai espezifikoak hogei bat jakintza-arlotan: zuzenbidea, legeak, ekonomia, informatika, medikuntza edo kirolak, besteak beste. Berritasun gisa, edizio honetan Europako herritartasunari buruzko ikastaro espezifiko bat dago, eta gaiari buruzko ezagutza orokorra emateaz gain Europako kidetasun sentimendua eta identitatea sendotu nahi dira. Eskaintza osorik eta xehetasun guztiekin kontsultatzeko dago katalogo birtualean. Ikasle bakoitzak unibertsitate bereko edo beste bateko hiru irakasgai eskatuko ditu gehienez ere, eta 12 ECTS gehienez ere.

Hautaketa egiteko, eskatzaile bakoitzaren batez besteko nota eta lehentasun ordena hartuko dira kontuan. Mugikortasun birtualean eskaintzen dugun irakasgai bakoitzeko, ikaspostu bakarra emanen da. Nolanahi ere, irakasgai bereko ikaspostu gehiago esleitzeko aukera dago, irakasgai horretan ikaspostu hutsak geratzen badira.