Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) berriz ere 13. postuan sailkatu da Espainiako unibertsitateen 2025eko CYD rankingean, eta errendimendu txikiko adierazlerik gabeko unibertsitate bakarra da. Conocimiento y Desarrollo Fundazioak (CYD) egin du sailkapena, eta 38 adierazle biltzen ditu bost bloke handitan: irakaskuntza eta ikaskuntza, ikerketa, ezagutzaren transferentzia, nazioarteko orientazioa eta eskualdeko garapenari egindako ekarpena. NUPek, zehazki, errendimendu handiko 15 adierazle lortu ditu (aurreko urteko berak), tarteko errendimenduko 23, eta, lehenengo aldiz, errendimendu txikiko bakar bat ere ez dauka. 38 adierazleak aztertzeko datuak ematen dituzten Espainiako unibertsitate guztiek dute errendimendu txikiko adierazleren bat, NUPek izan ezik.
Irakaskuntzan eta ikaskuntzan, NUPen errendimendu altuko adierazle horiek graduko graduazio-tasan eta graduko zein masterreko graduazio normatiboaren tasan daude, bai eta masterreko errendimendu-tasan ere. Aipatzekoa da atal horretan masterreko beste autonomia-erkidego batzuetako ikasleen adierazlea tarteko errendimenduan dagoela. Ikerketan, NUPek balio altuak ditu argitalpenen eragin normalizatuan eta asko aipatutako argitalpenetan, sarbide irekiko argitalpenetan, doktoretza-ondokoetan eta aitortutako ikerketa-tarteetan.
Bestalde, ezagutzaren transferentzian, NUP spin-off enpresetan eta patenteen argitalpen aipatuetan nabarmentzen da, azken adierazle horretan tarteko errendimendua izatetik errendimendu handia izatera igaro baita. Nazioarteko orientazioari dagokionez, balio altuak ditu atzerriko hizkuntzako graduko titulazioetan, atzerriko praktiketan eta nazioarteko argitalpenetan. Eskualdeko garapenari egindako ekarpenaren dimentsioan, aipatzekoa da NUPek eskualdeko enpresetan praktikak egiteko duen eskaintza, eta errendimendu txikia izatetik tarteko errendimendua izatera igaro da eskualdeko argitalpenetan.
CYD rankinga
CYD Fundazioak (Jakintza eta Garapena) urtero egiten du CYD rankinga. Tresna horrek zenbait adierazle kalkulatzen ditu erakunde eta jakintza-arlo bakoitzeko, eta, horri esker, unibertsitateen egoera alderatzen ahal da.
Sailkapenak 82 unibertsitate, 30 jakintza arlo eta 3.454 titulaziotako emaitzak jasotzen ditu. Unibertsitate parte-hartzaileak RUCT Unibertsitateen, Ikastegien eta Tituluen Erregistroan jasotako graduak irakasten dituzten 88 unibertsitate aktiboen % 93 dira. Horietatik 48 publikoak dira (unibertsitate publikoen % 100) eta 34 pribatuak (unibertsitate pribatuen % 85).