Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) kide duen unibertsitateen UNITA aliantzak europar identitatea eta balioak sustatzeko UNITA – Universitas Montium proiektua izeneko argazki-lehiaketaren edizio berri bat jarri du martxan. Lehiaketa aliantza osatzen duten hamabi unibertsitateetako ikasle, irakasle eta ikertzaile eta administrazioko eta zerbitzuetako langileei dago zuzenduta. Lanak erakunde nafarreko erregistro elektronikoaren bidez aurkeztu behar dira maiatzaren 31 baino lehen.

Lehiaketa Aliantzaren lehentasunekin bat dator, eta haren helburua da Europako proiektu komunaren ikusizko adierazpenak erakustea, batez ere europar identitatearekin eta herritartasunarekin lotutakoak nabarmenduz. Hautagaitzak aurkezten dituztenek kontzeptu horien funtsa jaso beharko dute argazkietan, haien adierazpenak islatuz edo Europako herritarren bizitza eraldatzen ari diren errealitate berriak erakutsiz. Aurtengo edizioan bereziki baloratuko dira Europako kultur ondareari eta aniztasunari heltzen dioten irudiak.

zoom Zenbait ikasle NUPeko Arrosadiko campusean.

Zenbait ikasle NUPeko Arrosadiko campusean.

Parte hartzeko eskakizunei dagokienez, lehiaketaren oinarriek ezartzen dute parte-hartzaile bakoitzak lan bakarra aurkeztuko duela, zeina irudi bakarra edo gehienez ere zazpi irudiko argazki entsegu/sorta izanen baita, eta baldintza tekniko batzuk bete beharko ditu.  Lana aurkezten duenak ateratako edo produzitutako argazkiak izan behar dute, originalak eta aurretik beste lehiaketa batean aurkeztu gabekoak edo ikusgai egon gabekoak.

Epaimahai aditu batek aukeratuko ditu lan irabazleak, haien garrantzi artistikoaren eta eskatutako gaiarekiko egokitasunaren arabera: europar integrazioa eta identitatea. Unibertsitate bakoitzean aukeratua denak 150 euroko saria jasoko du. Ordainsari ekonomikoaz gain, ikusgarritasuna eta publizitatea emanen zaie lan irabazleei, bai aliantzaren kanal eta dibulgazio-bide bateratuetan, bai unibertsitate bakoitzeko partikularretan.

UNITA eta europar identitatea

UNITA aliantzaren konpromisoetako bat da unibertsitate kideak dituzten gizarte eta lurraldeak garatzen laguntzea europar ikuspuntu batetik, eta Europako herritartasun partekatu baten kontzientzia sustatzea eta, horrez gain, europar identitatea eraikitzen laguntzea.

Ikuspuntu horretatik, aliantzak modu aktiboan erabiltzen ditu ingelesaz gain herrialde bakoitzeko hizkuntza erromantzeak hezkuntzan, ikerketan, berrikuntzan eta kudeaketan, eta horrela hizkuntza-aniztasuna eta inklusioa sustatzen ditu. 

UNITAk konpromiso sendoa du Europako balio demokratikoak sustatzeko, hala nola bakea, duintasuna eta giza eskubideak, berdintasuna, aniztasuna eta inklusioa, bai eta europar bizimodua sustatuko duen eskubide osoko Unibertsitate europar bat eraikitzeko ere.

UNITA – Universitas Montium 

UNITA – Universitas Montium aliantza 2020an sortu zen, eta egun honako hauek osatzen dute: hamabi unibertsitate, eskubide osoko hamar bazkide (horien artean NUP 2023tik) eta bi erakunde elkartu. Beraz, 250.000 ikasleko eta 22.000 laguneko komunitatea irakasleen eta teknikari eta administrazioko langileen artean. 

Honako hauek dira unibertsitate bazkideak: Barnealdeko Beirako Unibertsitatea eta Guardako Institutu Politeknikoa (Portugal); Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea (Espainia); Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea eta Savoia Mont Blanceko Unibertsitatea (Frantzia); Turingo Unibertsitatea eta Bresciako Unibertsitatea (Italia); Timisoarako Mendebaldeko Unibertsitatea eta Brasoveko Transilvania Unibertsitatea (Errumania). Honako erakunde hauek parte hartzen dute elkartu gisa: Mendebaldeko Suitzako Goi Mailako Eskola Espezializatua - HES-SO (Suitza) eta Yuriy Fedkovych Chernivtsi Unibertsitate Nazionala (Ukraina). 

Horiek guztiek ezaugarri komun hauek dituzte: eskualde menditsuetan daude, beren herrialdeetako mugetatik gertu eta hizkuntza erromantzeak hitz egiten diren lekuetan.