Atzo, osteguna, apirilak 3, 417 ikaslek parte hartu zuten Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko graduazio-ekitaldian. Ekitaldia 19:00etan egin zen, Nafarroako kiroldegi unibertsitarioan, eta 2.800 bat lagun bertaratu ziren, graduatuen senitartekoak eta adiskideak tarteko.
Ekitaldiaren buru izan ziren Begoña Pérez Eransus Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordea, Alicia Peñalva Vélez Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa eta Emilio Lamo de Espinosa Michels de Champourcin soziologo eta ekitaldiko aitabitxia. Graduazioa egiten ari ziren titulazioetako irakasleak ere bertaratu ziren.
Ekitaldiari hasiera eman zioten Silvia Moreno Figueroaren eta Julen González Plazasen hitzek ikasleak ordezkatuz, eta ondoren Emilio Lamo de Espinosa aitabitxiak hitz egin zuen. Gero Alicia Peñalva Vélez Giza, Gizarte eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoaren txanda izan zen. Jarraian, diplomak banatu zitzaizkien parte-hartzaileei, eta, ekitaldiari amaiera emateko, Begoña Pérez errektoreordeak hartu zuen hitza, eta Gaudeamus igitur ereserki unibertsitario tradizionala abestu zen.
Graduatzen ziren promozioak
Titulazio hauetako ikasleek hartu zuten parte graduazio-ekitaldian: Haur Hezkuntzako Irakasletzako Gradua (gaztelania) eta Haur Hezkuntzako Irakasletzako Graduko Nazioarteko Programa, Haur Hezkuntzako Irakasletzako Gradua (euskara), Lehen Hezkuntzako Irakasletzako Gradua (gaztelania), Lehen hezkuntzako Irakasletzako Graduko Nazioarteko Programa, Lehen Hezkuntzako Irakasletzako Gradua (euskara), Gizarte Laneko Gradua, Soziologia Aplikatuko Gradua eta Historiako eta Ondareko Gradua.