Joan eduki nagusira

Óscar Martínez de Quel Pérez Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakaslea Espainiako karate selekzioko errendimenduko zuzendari izendatu dute. Selekzioaren hurrengo erronka taldekako Munduko Kopa da, zeina Iruñeko Nafarroa Arena pabiloian eginen baita asteburu honetan. Hala, Nafarroako hiriburuko Arrosadiko campuseko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Graduko eta Tuterako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako eta Fisioterapiako Gradu Bikoitzeko irakaslea kirolari gisa izandako esperientziaz (diziplina horretako munduko txapelketan domina lortu zuen) eta bere ibilbide akademikoaz baliatuko da Espainiako taldea osatzen dutenen errendimendua optimizatzeko borroka arte horretako munduko txapelketa handienean. Txapelketak berrogei herrialde baino gehiagoko kirolari onenak bilduko ditu Nafarroako hiriburuan azaroaren 22tik, ostirala, 24ra arte, igandea.  

zoom profesor karate

Óscar Martínez de Quel, NUPeko irakaslea, aurreko urteko Europako Karate Txapelketan.

“Errendimenduko zuzendariaren rola herrialde anglosaxoietako ‘sport scientist’ delakoaren antzeko figura da, eta, funtsean, ikerketa zientifikoen emaitzak kirolean aplikatzea du helburu, eta, aldi berean, ezagutza zientifikoa sortzen jarraitzea —azaldu du Óscar Martínez de Quelek—. Kasu horretan, karatea borroka kirola denez, praktikan jartzen dira antzeko modalitateetako ikerketaren ezagutzak, balorazioari, prestakuntza fisikoari, psikologiari edo lesioen prebentzioari buruzkoak”.

Kirolaria eta ikertzailea

Óscar Martínez de Quelek (Arnedo, Errioxa, 1976) kirol ibilbide sendoa du, jardunean egon zen 25 urteetatik hamabitan Espainiako karate selekzioko kide izan baitzen. Bere palmaresean, urrezko bi domina, zilarrezko bat eta brontzezko bat nabarmentzen dira munduko txapelketa absolutuetan. Ondoren, Karateko Espainiako Errege Federazioko teknikari lanetan aritu zen 1999tik 2017ra arte, eta prestatzaile fisikoa eta entrenatzailea izan zen Madrilgo Errendimendu Handiko Zentroan.

Ikuspegi akademikotik, Óscar Martínez de Quel Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan lizentziaduna eta doktorea da, eta, horrez gain, Psikologian lizentziaduna. Irakasle titularra izan da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Gorputz Hezkuntzarako Institutu Nazionalean. Ikasturte honen hasieratik, NUPeko irakaslea da.