Ahikar Azcona Albizu aktore nafarra, zeina ezaguna baita “La Casa de Papel” telesailean Pamplona pertsonaia izateagatik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko ikasleekin elkartu da, eta “aktore ekintzaile” gisa izandako esperientziaren berri eman die.
Ahikar Azconak industria zinematografikoan egindako ibilbidea aztertu du, eta hainbat alderdi jorratu ditu, hala nola zinemaren negozioaren funtzionamendua, aktoreen lanbiderako printzipioak eta estrategiak, eta markek esparru artistikoan duten eragina. Bere esku-hartzeak interpretaziorako grina karrera sendo eta ekintzaile bihurtzeko moduari buruzko ikuspegi praktiko eta pertsonala eskaini du. Azcona sare sozialetako DJa eta influencerra ere bada.
Curriculumetik kanpoko prestakuntza-gune bat
Iguzkitzako (Lizarraldea) aktoreak MyFec gunearen ikasturte honetako edizioa inauguratu du bere hitzaldiaren bidez. Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearen ekimenak izaera akademikoko curriculumetik kanpoko prestakuntza jarduerak eskaintzen ditu. Jarduera horiek diseinatuta daude etorkizuneko lanbiderako interes berezia duten esparruetan ikasleen prestakuntza indartzeko. Topaketak eginen dira entzute handiko profesionalekin, ekonomia digitalari buruzko saioak, enpresak bisitatuko dira beren ekoizpen- eta antolaketa-sistemak bertatik bertara ezagutzeko, ekonomia sozial eta kooperatiboko esperientzia arrakastatsuak aztertuko dira eta inpaktuko ikerketa-azterlanak aurkeztuko dira. Jarduera horien bidez, programak prestakuntza akademikoa aberastu nahi du esparru profesionalaren egungo ikuspegi praktikoekin.
Jarduera horietara joateak aukera ematen die ikasleei curriculumari erantsi beharreko portafolio pertsonal bat eraikitzeko, zeina kontuan hartzen baita Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko praktikak edo gradu amaierako lanak hautatzeko prozesuetan. Horrez gain, aukera askeko kredituak eskuratzen ahal dira saioetan parte hartzeagatik.