Egile hauek izan dira enpresa familiarrari buruz Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatutako ikasketa-amaierako lanik onenen saridunak: Marina Beaumont Miqueleiz (EAZko eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzekoa), Jesús Navarro Martínez (EAZko eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzekoa), Laura Gorostiaga Revert (EAZko eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzaren Nazioarteko Programakoa) eta Iranzu Díaz de Cerio Alzate (EAZko Gradukoa). Enpresa Familiarren Katedrak eman dituen sari horiek banatzeko ekitaldia duela gutxi egin da, “Enpresa Familiarrari buruzko Ikerketako Aurrerapenak” izeneko jardunaldiaren barrenean; jardunaldi nazional hori NUPen egin da, Katedrak antolatuta.
Enpresa familiarrari buruzko ikasketa-amaierako lan onenen sariak banatzeko ekitaldia. Epaimahaia eta sarituak. Ezkerretik eskuinera, José Antonio Arrieta, ARPA Abogados Consultoreseko zuzendaria; Iñigo Ayerra, IED Electronics-eko zuzendari kudeatzailea; Marisa Sainz, ADEFANeko zuzendaria; Marina Beaumont (saritua); Jesús Navarro (saritua); Laura Gorostiaga (saritua) eta Lucía Garcés, NUPen Enpresa Familiarren Katedraren zuzendaria.
Marina Beaumontek, zehazki, enpresa familiarrari lotutako arloetako ikasketa-amaierako lanik onenen lehen saria lortu zuen, 600 eurokoa. Hain justu, “Factores que promueven la innovación en la empresa familiar” lana saritu zioten, eta, lan horretan, Lucía Garcés Galdeano izan du zuzendari. Bestalde, Jesús Navarrok, Laura Gorostiagak eta Iranzu Díaz de Ceriok lehen, bigarren eta hirugarren sariak jaso zituzten, hurrenez hurren, “Familia Enpresaren Kudeaketako Unibertsitateko Aditua” tituluaren barrenean egindako lanengatik. Lan hauek saritu dizkiete: Jesús Navarrori “Estudio de caso sobre relevo generacional en una empresa familiar. Analizar la gestión del proceso de transición” (Lucía Garcés Galdeano zuzendari); Laura Gorostiagari “La transmisión del espíritu emprendedor, un factor clave en la continuidad de la empresa familiar” (Ana Lucía Caicedo zuzendari); eta Iranzu Díaz de Ceriori “Cómo ser un CEO no familiar en una empresa familiar y no morir en el intento” (lan horretan ere Ana Lucía Caidedo zuzendari). Haientzako sariak 300, 200 eta 100 eurokoak izan dira, hurrenez hurren.
Saritutako lanei buruzko xehetasunak
Marina Beaumontek, bere lanean, hiru faktoreren eragina aztertu du enpresa familiarraren barreneko produktu berrikuntzan: finantzaketa publikoa, teknologiaren arloko lankidetza eta enpresaren barneko I+G-ko gastuak. Emaitzek erakusten dutenez, enpresa familiarrek dituzten berezko ezaugarriei eta lehiarako dituzten abantailei esker, familiarrak ez diren enpresek baino hobeto aprobetxatzen dituzte faktore horiek, eta, horrela, hobekuntza handiagoak egiten dituzte berrikuntzan. Ikerlana egiteko, Marina Beaumontek “Business Strategies Survey” datu basea erabili zuen, zeinak Espainiako 2.415 enpresari buruzko 10 urteko informazioa (2006-2015) biltzen baitu.
Egileak azaldu duenez, Javier Navarroren lanaren helburua enpresa familiarretan ondorengotza-prozesuak nola kudeatu azaltzea izan da, hau da, ondorengotzaren gaia proposatzen denetik prozesua amaitu arteko pauso guztiak azaltzea. Navarrok ondorioztatu du enpresa familiarretan ondorengotza kudeatzeko ez dagoela arrakastarako erabateko formula orokorrik; aitzitik, enpresa bakoitzaren eta familia bakoitzaren berezitasunei erreparatu behar zaie, eta, hori oinarri hartuta, modu batera edo bestera jardun behar da; edonola ere, familiaren barneko harremanekiko eta diplomaziarekiko konfiantza handitu behar da, edo prozedura eta plan batzuk ezarri behar dira enpresaren eta familia barneko harmonian eragina izan dezaketen etorkizuneko gatazkak saihesteko.
Laura Gorostiagak, bere lanean planteatu duen analisian, adierazi du enpresa guztien abiapuntua fundatzailearen ekintzailetasuna dela, baina beharrezkoa dela jarrera eta orientazio ekintzaile horri denboran eustea enpresa gisa bizirauteko eta hazteko, eta, horretarako, ekimen eta proiektu berritzaile, arriskutsu eta ausartak gauzatzea. “Enpresa familiarrak leku ezin hobea dira horretarako; izan ere, historia komun bat eta lotura emozional bat dutenez, gai dira enpresa-kultura indartsu eta partekatu bat sortzeko, fundatzailearen lan onaren filosofiari eusteko eta esperientzia eta ikaskuntza belaunaldien artean zabaltzeko. Horrela, senideen adibideari jarraituz familian mantenduko da ekintzailetza-espiritua, eta batetik bestera transmitituko da; horrek familia-enpresaren jarraitutasuna eta garaipena ziurtatuko ditu”, adierazi du.
Azkenik, Iranzu Díaz de Ceriok bere lanean adierazi du oso garrantzitsua dela familiakoak ez diren CEOak familia-enpresa batean integratzeko prozesua, baita CEO horien balioak, nahiak eta helburuak enpresako familiarekin bat etortzea ere. Lanean metodologia kualitatiboa erabili zuen; zehazki, kasu bakarreko azterketa egin zuen Perfinasa enpresarekin. Bertan, elkarrizketa bat egin zion familiakoa ez zen CEO bati eta informazioa bilatu zuen bigarren mailako iturrietan.