Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) unibertsitate zabalpeneko jarduerak jasotzeko pasaporte digital bat ezarri du, upnapass izenekoa, eta erakunde akademikoak graduaren arabera gehienez 24 kreditu aitortu eta espedientean agerrarazteko balio du. Dokumentua automatikoki ematen zaie ikasleei graduko titulu ofiziala eskatzen dutenean, betiere halako jarduerarik egin badute, espedientean jasota izan ala ez. Hala, ikasketak 2021-2022 ikasturtean bukatu ondoren titulua tramitatu zuten 424 ikasleri unibertsitate zabalpeneko 1.059 jarduera aitortu dizkiete upnapassean. Ekimen hori “la Caixa” Fundazioak eta Nafarroako Kutxa Fundazioak sustatutako Innova Social programaren azken edizioan izan da hautatua.
NUPek aitortzen dituen unibertsitate zabalpeneko jarduerak zazpi ataletan daude banatuak upnapassean: kultur jarduerak, kirolak, atzerriko hizkuntzak ikastea (erakunde akademikoaren Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegian), ikasleen ordezkaritzako jarduerak (delegatu edo delegatuorde izatea edo gobernu organoetako kide izatea), erantzukizun sozialeko jarduerak (ingurumenekoak, osasuna sustatzekoak, berdintasunekoak, etab.), espezializazio ikastaroak eta gaitasunak lantzeko prestakuntza.
Dokumentua, hiru hizkuntzatan
Upnapass agiria hiru hizkuntzatan dago (gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez), eta unibertsitate zabalpeneko jardueraren bat egin duen ikasle orok posta elektronikoan jasotzen du titulu ofiziala eskatzen duenean.
“Ikasleek unibertsitateko ibilbidean zeregin akademikoez gain egiten dituzten bestelako jarduera guztiak nabarmentzeko modu bat da. Gizarteak eta entitate enplegu-emaileek gazte jakin-nahi, konprometitu eta parte-hartzaileak bilatzen dituzte, eta gure ikasle gehienak halakoxeak dira”, adierazi du Cristina Bayona Sáez NUPeko Ikasleen Gaietarako, Enpleguko eta Ekintzailetzako errektoreordeak.
“NUPen pasaporte digitala: lan-merkaturako gaitasunen hobekuntza eta horren ziurtagiri digitala” izeneko NUPen proiektu hori hautatu duen Innova Social egitasmoak Innova Programaren esparru soziala lantzen du, eta Nafarroako Kutxa Fundazioak eta “la Caixa” Fundazioak sustatzen dute. Nafarroako gizarte ehuna sendotzera dago bideratua, eta, horretarako, haren hazkundea, berrikuntza, eraginkortasuna eta produktibitatea bultzatzen ditu, Nafarroako Foru Komunitatearen garapen sozial eta ekonomikoaren mesedetan eta Nazio Batuen 2030 Agendaren ildoari jarraikiz.