Iñigo Mugueta Moreno Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko Erdi Aroko Historiako irakasleak Historia ikasteko bideojokoak erabiltzeari buruzko bere ikerketa-proiektua hizpide izanen duen programa bat eginen du azaroan, zuzeneko emanaldien Twitch plataformaren bidez. Emanaldiak azaroko lau asteazkenetan izanen dira, eta zenbait gonbidatuk hartuko dute parte. Lehenbizikoa bihar izanen da, hilak 9, “Europa Universalis IV. Estrategia pantailan” izenburupean. Twitcheko kanalak GTLHistory du izena.
“Games to learn History” (Historia ikasteko bideojokoak) da proiektuaren izena, eta NUPeko I-COMMUNITAS ikerketa-institutuak finantzatzen du, hots, irakaslea kide den institutuak. Twitchen emanaldiak egiteko ekimenak, berriz, dibulgazio proiektuentzako laguntza bat jaso du, Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordeak emana Kultura Zientifikoaren Unitatearen bidez. Gainera, laguntza horri esker, proiektuaren webgunea berritu dute. Proiektuak bideojokoak aztertzea eta ikasgeletan haiekin lan egiteko proposamen didaktikoak biltzea du xede.
Iñigo Mugueta irakaslea eta bere kolaboratzaileak haren bulegoan. Bertatik eginen dute programaren emanaldia Twitch bidez. Ezkerretik eskuinera: Iñigo Mugueta, Miguel Fernández eta Carlos Ciriza.
Programazio osoa
Programek ordubete iraunen dute, eta bost atal izanen dituzte: lehenbizikoa aurkezpena izanen da, Iñigo Muguetaren beraren eta haren kolaboratzaile diren Carlos Ciriza Mendivil eta Miguel Fernández Cárcar NUPeko irakasleen eskutik; bigarren atalean, egun bakoitzean pertsona bat azalduko da bideojokoei eta hezkuntzari buruz mintzatzeko edo iritzia emateko; hirugarren atala gorago aipatutako webgunean aztertutako bideojokoetako bati buruzkoa izanen da; laugarrenean, jendearen iruzkinak irakurriko dituzte; eta, azkenik, bosgarrenean, elkarrizketa bat eginen diote Historiaren, Artearen Historiaren, Arkeologiaren edo Ondare Historikoaren arloan komunikazio eta zabalkunde tresnak erabiltzen dituen dibulgatzaile bati edo irakasle bati.
Aipatutako Europa Universalis IV bideojokoaz gain, bideojoko eta gai hauek aztertuko dituzte: “Kingdom Come Deliverance. Erdi Aroa zure pantailan” (azaroaren 16an), “Valiant Hearts. Ikasten ahal dut jolasten I. Mundu Gerrari buruz?” (azaroaren 23an) eta “Age of Empires. Abiarazle klasiko bat” (azaroaren 30ean). Hauek dira esku hartuko duten adituak: azaroaren 9an, Laura Castro youtuberra (“Las plumas de Simurgh” kanalekoa), Juan Francisco Jiménez Alcázar Murtziako Unibertsitateko irakaslea eta David Morenza Arias (“El Octavo Historiador” proiektukoa). Azaroaren 16an, berriz ere izanen dira Juan Francisco Jiménez eta David Morenza, eta, haiez gain, Nacho Medel eta Carlos Andión Bigarren Hezkuntzako irakasleak, Isabel Mellén ikertzailea eta Antonio Carrasco Rodríguez Alacanteko Unibertsitateko irakaslea.
Azaroaren 23an, berriz, hauek joanen dira programara: Xavier Rubio Campillo Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea, Laia San José Román dibulgatzailea eta Florian Graefe Bigarren Hezkuntzako irakaslea. Azkenik, azaroaren 30eko programan, ohiko kolaboratzaileez gain, hauek azalduko dira: Rut García Martín Gaztela-Mantxako Unibertsitateko irakaslea, Francisco Ayén Bigarren Hezkuntzako irakaslea eta Daniel Aquillué Domínguez aditua.