Joan eduki nagusira

Antonio Gil Bravo Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingeniaritza Kimikoko katedraduna da “Introducción a las tecnologías de tratamiento de la contaminación atmosférica” liburuaren egilea. Liburua erakunde horrek editatu du, eta laster argitaratuko da. Atmosferaren kutsaduraren tratamenduan erabiltzen diren teknologia garrantzitsuenak aztertzen ditu liburuan.

zoom AntonioGil

Antonio Gil Bravo

Azaldu duenez, “arnasten dugun airearen garbitasunari dagokionez azken hamarkadetan nabarmen aurreratu bada ere, kutsadura atmosferikoak arazo larria izaten jarraitzen du, eta gure osasunari eta ingurumenari eragiten die. Beraz, atmosferara isurtzen diren kutsatzaileak murriztea eta kontrolatzea munduko kezka handienetako bat bihurtu da”. Testuinguru horretan, atmosferaren poluzioaren ondorio nabarmenetako bat haren ondorio batzuen globaltasuna dela adierazten du; adibidez, Lurraren berezko berotegi-efektua indartzea, ozono-geruza agortzea, azaleko ur-korronteak azidotzea, ibaiak, lakuak edo urtegiak eutrofizatzea eta smog fotokimikoa eratzea.

Antonio Gilek atmosferaren kutsaduraren tratamenduan erabiltzen diren teknologiarik garrantzitsuenak deskribatzen ditu liburuan; eskuarki, industria-efluente kutsatuak tratatzeko teknikarik onenak direla aipatzen da. Monografiak gasezko nahiz partikulazko kutsatzaileak kudeatzeko oinarrizko printzipioak laburbiltzen ditu, eta eremu horretan hasten diren ikasle eta ikertzaileei helarazten dizkie.

Liburuak 176 orrialde ditu, eta 15 euro balio du paperean eta 9 euro formatu elektronikoan. Honako hauek dira argitalpenaren lau kapituluak: Atmosferaren kutsadura. Kontzeptuak, kutsatzaileak eta ingurumenean duten eragina; partikula formako kutsatzaileen kudeaketa; gas-kutsatzaileen kudeaketa; eta konposatu organiko lurrunkorren (KOL), CO2-aren eta CH4-aren kudeaketako aplikazioak.

Egilearen ibilbidea

Antonio Gil Zientzia Kimikoetan doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingeniaritza Kimikoko katedraduna. Bertan, Material Aurreratuen eta Matematikaren Institutuari (INAMAT2) atxikitako ikertzaile propioa da.

Bere ikerketa lanaren gai nagusia ingurumen eta energia arazoak konpontzera aplikatutako katalisi heterogeneoa izan da. Adsortzio prozesuak, gas fasean zein likido fasean, eta industriako hondakinen balorizazioa ere bere ikerketa interesen artean daude. Sari hauen bidez aitortu da bere ikerketa-lana: ikerketa-ibilbide pertsonalaren saria 2011n, Nafarroako Unibertsitate Publikoa-Nafarroako Kutxa Ikerketa Sariaren akzesita 2003an eta 2005ean eta 2009an egindako  ekarpen zientifiko onenen saria. Guztiak ere NUPek emandakoak. 2017tik Banco Santanderrek diruz laguntzen duen Ikerketa Areagotzeko Programaren onuraduna da.

Liburu hauek editatu ditu beste batzuekin batera: Recent Research Developments in Environmental Technology (Transworld Research Network, 2008), Pillared Clays and Related Catalysts (Springer, 2010), Applications of Advanced Oxidation Processes (AOPs) in Drinking Water Treatment (Springer, 2019) eta Porous Materials for Environmental Applications (mdpi, 2020). Eta Análisis textural de sólidos porosos mediante adsorción física de gases liburuaren egilea da (Nafarroako Unibertsitate Publikoa, 2019).