Joan eduki nagusira

Errain hezurreko nerbio-sustraien neuroestimulazioa, hasieran kostu handia izan arren, kostu-eraginkortasun erlaziorik onena duen teknika da, kakari eutsi ezin larria tratatzeko, Mario de Miguel Valencia medikuak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) berriki irakurritako tesian adierazten denez. Juan Manuel Cabasés Hita eta Eduardo Sánchez Iriso Ekonomiako irakasleek eta Héctor Ortiz Hurtado Osasun Zientzietako irakasleak zuzendu zuten tesia eta kalifikazio gorena lortu zuen: bikain “cum laude”.

zoom Neuroestimulacion

Mario de Miguel, NUPeko doktore berria.

 

Honako hau da tesiaren izenburua: “Resultados a largo plazo funcionales, de calidad de vida y evaluación económica del tratamiento de la incontinencia fecal con neuroestimulación de raíces sacras (SNS)”. Hainbat ikuspuntutatik aztertu du teknika kirurgiko hau (ez oso inbaditzailea, itzulgarria, anestesia lokalarekin egina eta kontsultan jarraipen erraza duena); kakari eutsi ezina zuzentzeko bulkada elektrikoak sortzen dituen gailu mediko bat gorputzean sartzea da. 

Ikuspuntu hauen bidez aztertzen da deskribatutako teknika: ikuspuntu klinikotik (emaitza funtzionalak eta bizi-kalitatean duen eragina) eta ekonomikotik (hiru tratamenduren kostuen azterketa konparatiboa: SNSa, tratamendu sintomatikoa eta behin betiko kolostomia; eta aurrekoak bateratuz, kostu-eraginkortasunari eta kostu-erabilgarritasunari buruzko azterlana). “Kakari eutsi ezin larria duten pazienteak tratatzeko SNSk epe luzean izan dituen emaitzak ezagutzea izan da ikerketaren helburu nagusietako bat”, zehaztu du tesiaren egileak. Horretarako, duela hemezortzi urte Nafarroan teknika hori ezartzen hasi zirenetik 93 kasu aztertu dira. Esan bezala, ikerketaren arabera, hasierako kostua beste tratamendu batzuena baino handiagoa izan arren, SNS da kostu/etekin onena duen teknika, eta, gainera, teknika hori da eraginkorrena eta epe luzera bizi-kalitate onena lortzen duena. Gainera egokia da 70 urtetik gorako gaixoetan.

Kakari eutsi ezinaren prebalentzia, kausak eta tratamendua

Kakari eutsi ezina ondesteko edukiaren hustuketaren borondatezko kontrolaren galera da, ezin konpondu dena; horrek “bizi-kalitatearen okerragotze handia dakar, bai eta kostu ekonomiko handiak ere, banakakoak zein sozialak”, Mario de Miguelek azpimarratzen duenez. Prebalentzia handiko patologia da, bereziki emakumezkoetan, eta adinean aurrera egin ahala areagotzen da (adineko pertsonetan %25ekoa izaten ahal da eta %50etik hurbil dago geriatrikoetan). Horren arrazoiak askotarikoak dira (kirurgia, traumak, gaixotasun neurologikoak, erradioterapia...) edo ezezagunak, eta hainbat mailatan agertzen ahal dira. 

Errain hezurreko nerbio-sustraien neuroestimulazioa (SNS) aplikatzen da beste teknika kontserbadoreago batzuek ez dutenean emaitza onik eman. Hasiera batean (kasu arin edo moderatuetan), tratamendu sintomatikoa aukeratzen da, hau da, neurri higieniko dietetikoak (dietako aldaketak, pixoihalak, xurgatzaileak) edo sendagaiak. Hurrengo pausoa eusteko mekanismoa ikasteko terapiak izanen lirateke (bioatzeraelikadura edo “biofeedback”), eta aldaketa funtzional garrantzitsu bat eta aurreko neurriek porrot egin duten kasuetan, kirurgiaren alde egiten da; zehazki, esfinterrak konpontzea (esfinteroplastia) eta/edo errain hezurreko nerbio-sustraien neuroestimulazioa. Beste paziente batzuetan, behin betiko kolostomia erabiltzen da (hestea gorputzaren kanpoaldearekin lotzen da zulo batetik, eta hondakinak poltsa batean jasotzen dira).

Alternatibak ikuspuntu ekonomikotik aztertzeko, kontuan hartu dira bai tratamenduen zuzeneko kostuak (pixoihalak edo medikazioa, sintomei aurre egiteko, eta ebakuntza kirurgikoa errain hezurreko nerbio-sustraien neuroestimulazioan edo kolostomian; azken horretan poltsak eta bestelako osagarriak ere sartzen dira), bai zeharkakoak, produktibitatea galtzearen ondoriozkoak. 

Ikerketaren arabera, epe luzera, behin betiko kolostomia da kostu handiena sortzen duen tratamendua, eta, ondoren, tratamendu sintomatikoa. SNSren esku-hartzeak du hasierako kosturik handiena, baina gero metatutako kostuak txikiagoak dira. Bizi-kalitatearen ikuspuntutik, pazienteei egindako inkesten bidez baloratua, errain hezurreko nerbio-sustraien neuroestimulazioa da, halaber, emaitza onenak dituena.

Mario de Miguelen curriculum laburra

Mario de Miguel Valencia Medikuntzan lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean eta Zaragozako Unibertsitateko Koloproktologiako masterra du. BAME espezialitatea (Barneko Mediku Egoiliarra) egin zuen Nafarroako Ospitaleguneko Kirurgia Orokorreko eta Digestio Aparatuko Zerbitzuan, Iruñean. Gaur egun, mediku espezialista ondoko gisa lan egiten du, espezialitate berean, Tuterako Reina Sofía ospitalean. Espainiako Zirujauen Elkarteko kidea da.

Zazpi argitalpen zientifiko, hamar bat liburu-kapitulu eta berrogeita hamar komunikazio baino gehiago idatzi ditu Espainiako eta nazioarteko biltzarretan. Horietako batzuek ahozko edo poster formatuko komunikazio hoberenaren sariak jaso dituzte (denak ere 2019an). Egonaldi bat egin du Londresko St Mary´s ospitalean eta boluntariotza Kora Kora herrian, Sucre herrian (Bolivia) eta Santa María Soledad ospitalean (Sisters Servants of Mary) Bamendan (Kamerun).