ACCIONA enpresak ehun urte baino gehiagoko turbina hidrauliko bat eman dio Nafarroako Unibertsitate Publikoari (NUP), Iruñeko Arrosadiko campusean erakusteko, Foru Komunitateko ibaietan sakabanatutako zentral hidroelektriko zaharren oroigarri.
Jatorrizko pieza hori Artozkiko (Artzibar) zentraleko talde hidraulikoko elementu nagusia izan zen. 1911tik ia mende batez, Irati ibaiaren urak erabili zituen elektrizitate garbi eta jasangarria sortzeko.
Artozkiko zentrala, El Irati S.A. enpresak eraikia, Irabiako urtegitik Agoizko herriraino Irati ibaiaren ondoan jarritako bederatzi zentralen sisteman sartu zen. Horietatik bost jardunean daude, eta gainerakoak erabilgaitz geratu ziren Itoizko urtegia eraikitzearen ondorioz. 26 metroko jauziarekin, Artozkiko zentralak 1.280 kilowatteko potentzia zuen, eta urtean 7.000 megawatt/ordu baino gehiago ekoizten zituen.
Orain Jerónimo de Ayanz zentroaren aurrean dago turbina —NUPeko ikerketa-institutuen egoitzaren parean—, eta beste osagai batzuekin batera agertzen da, hala nola sorgailuarekin, erregulatzailearekin eta inertzia-bolantearekin. Horretaz gainera, margotu egin dute eta oroigarri bat jarri zaio.
Omenaldia energia berriztagarriaren sustatzaileei
Dohaintza horren bidez, ACCIONAk omenaldia egin nahi die Nafarroan duela ehun urte baino gehiago energia garbi eta berriztagarria erabiltzen lagundu zutenei, eta erreferentzia historiko bat sartu nahi du etorkizunerako energia jasangarriak ikertzeko esparru espezializatu batean.
Horrez gainera, Joaquín Sevilla Unibertsitateko Kulturaren eta Dibulgazioaren Arloaren zuzendariak azaltzen duenez, “NUPen ondare zientifikoa eta industriala aberasten lagunduko duen pieza da, ondare artistikoa edo ez-materiala bezain garrantzitsua, baina agian ez da hain ezaguna publikoarentzat”.