Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteei dagozkien doktoretzako aparteko sei sari eman ditu. Hauek izan dira sarituak, lehen deituraren araberako hurrenkera alfabetikoan: Patricia Aranguren Garacochea (Industriako Zientziak eta Teknologiak), Mikel Bravo Acha (Komunikazioetako, Bioingeniaritzako eta Energia Berriztagarrietako Teknologiak), Lucía Garcés Galdeano (Ekonomia, Enpresa eta Zuzenbidea) Ainara López Maestresalas (Nekazaritzaren eta Nekazaritzako Elikagaien Zientziak), Iván Martínez Baz (Osasun Zientziak) eta Miguel Rodríguez de Vera Mouliáa (Giza eta Gizarte Zientziak).
Patricia Aranguren Garacochea, Iruñean jaioa, NUPen ikasitako industria-ingeniaria da, eta unibertsitate berean egin zuen Ingeniaritza Mekaniko Aplikatuko eta Konputazionaleko Unibertsitate Masterra. David Astrain Ulibarrena katedradunak gidatutako tesi baten bidez lortu zuen Arangurenek doktoretza NUPen. Hondar-beroaren aprobetxamenduari aplikatutako sorkuntza termoelektrikoko beroa trukatzeko sistemen azterketa eta optimizazioa izan zituen ardatz tesiak. International Thermoelectric Society erakundeak (ITS) bi aldiz saritu zuen lan hori: 2015. urtean, ITS Graduate Student Award saria eman zion, termoelektrizitatearen arloan egindako lanak eta ibilbideak originaltasun eta eragin nabarmena izateagatik; eta, 2014. urtean, 33th International Conference on Thermoelectrics biltzarrean, ITS Oustanding Poster Award saria, posterrik onena aurkezteagatik. Gaur egun, Aranguren NUPeko Ingeniaritza Saileko irakaslea da, eta Ingeniaritza Termikoa eta Fluidoena aztertzen duen ikerketa-taldeko kidea eta Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzailea.
Mikel Bravo Acha debarrak (Gipuzkoa) zuntz optikoko sentsoreetarako sistema fotonikoei buruzko doktoretza-tesia egin zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), bertan Telekomunikazioko Ingeniaritza Teknikoa ikasi zuen eta Komunikazioetako Masterra egin ondoren. Hogei artikulutik gora idatzi ditu nazioarteko aldizkarietan, beste egile batzuekin batera; bost ekarpen izenpetu ditu nazioko biltzarretan eta 23 gehiago nazioarteko biltzarretan. Horietako bitan ikasle batek egindako ekarpen onenaren saria lortu zuen. Halaber, I+G-ko sei proiektutan ere aktiboki hartu du parte, eta ikerketa-egonaldiak eta doktoretza ondoko egonaldiak egin ditu Portugalen, Erresuma Batuan eta Kanadan. Gaur egun, Marie Sklodowska-Curie kontratu batekin ari da ikertzen NUPen. Kontratu hori Horizonte 2020 ikerketa-programa europarraren “Zientzia Bikaina” zutabeko dirulaguntza bat da, etorkizun handieneko zientzialari onenen mugikortasunera bideratua.
Saritutako ikasleak, NUPeko Arrosadiko campusean. Ezkerretik eskuinera: Lucía Garcés Galdeano, Iván Martínez Baz, Ainara López Maestresalas, Mikel Bravo Acha eta Patricia Aranguren Garacochea. Miguel Rodríguez de Vera Mouliáa falta da argazkian..
Lucía Garcés Galdeano, Valtierran jaioa (Nafarroa), Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu Bikoitzean lizentziatu zen NUPen, eta bertan egin zuen doktoretza-tesia, Martín Larraza Quintana katedradunaren zuzendaritzapean. Bere tesia familia-enpresaren portaeraren azterketan oinarritzen da. Lan horretan aztertu zuen zein den faktore sozio-emozionalen funtsezko eginkizuna, eta zer ondorio dituzten faktore horiek enpresaren erabaki estrategiko eta ekonomikoetan. Bere lana ikerketa zabalago baten parte da, zeinean konpromiso handiko giza baliabideak kudeatzeko sistemen eraginkortasunari buruzko lanak egin dituen, baita ekintzailetzaren eta erantzukizun sozial korporatiboaren azterketa ere. Ikerketa horien arabera, giza baliabideen politiken diseinua erabakigarria da gizabanakoek enpresetan duten portaeran. Garcés kontratupeko doktorea da gaur egun NUPeko Enpresen Kudeaketa Sailean, baita INARBE ikerketa-institutuko kidea ere. Enpresa Familiarren Katedrako batzordekidea ere bada.
Ainara López Maestresalas, Iruñekoa, nekazaritzako ingeniari teknikoa da (Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Ustiapenen espezialitatea) NUPen, eta Ingurumen Jasangarritasuneko Masterra egin zuen Edinburgoko Napier Unibertsitatean (Erresuma Batua), non espediente akademiko onenaren domina lortu baitzuen. Gainera, Energia Berriztagarrietako Graduondoa egin zuen Eskoziako Unibertsitate Irekian (Erresuma Batua), eta 2016az geroztik doktorea da NUPen. Bere tesian irudi hiperespektralen eta NIR espektroskopiaren teknologia erabili zuen pataten kalitatea zehazteko, polifenol asko dituzten laboreak identifikatuz eta kalte mekanikoak modu ez-suntsitzailean zehaztuz. Ikerketa, NUPen ez ezik, Kopenhagen eta Lovainan egin zen, bertan egin baitzituen Lópezek doktoretza aurreko ikerketa-egonaldiak. Gaur egun, NUPeko Ingeniaritza Saileko irakasle laguntzaile doktorea da, baita Carmen Jarén Ceballos katedraduna gidari duen Nekazaritza Mekatronika ikerketa-taldeko eta ISFOOD ikerketa-institutuko kidea ere.
Iván Martínez Baz, A Guarda herrian jaioa (Pontevedra), Estatistikan diplomaduna da Salamancako Unibertsitatean, eta Zientzia eta Teknika Estatistikoetan lizentziatua Elxeko Miguel Hernández Unibertsitatean. Osasun Zientzietako Ikerketako Unibertsitate Masterra egin zuen NUPen. 2010az geroztik, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko ikerketa-teknikaria da, lehenik Epidemiologiako eta Osasun Publikoko Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentroaren bidez, eta, ondoren, Miguel Servet Fundazioko Navarrabiomed ikergunearen bidez. Bere tesia Nafarroan gripearen aurkako txertoak zenbait denboralditan izan duen eraginkortasunaren ebaluazioan eta aurreko urteetan jasotako txertoen babes-efektuaren azterketan oinarritu zen. Gainera, erabilitako diseinuan eragina izan zezaketen alderdi metodologikoak ebaluatu zituen. Martínez Bazek, beste egile batzuekin batera, 40 artikulu baino gehiago argitaratu ditu zenbait zientzia-aldizkaritan, eta hogeita hamar bat aurkezpen egin ditu kongresu eta bilera zientifikoetan. Gaur egun, institutu horretako ikerketa-teknikariaz gain, NUPeko Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakasle elkartua da.
Miguel Rodríguez de Vera Mouliáa, Águilasekoa (Murtziako Eskualdea), Psikologian lizentziatua da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta NUPen doktorea bidezko merkataritzaren mugimendu sozialari buruzko tesi batekin, zeinak Celso Sánchez Capdequí (NUP) eta Óscar Mateos Martín (Ramon Llull Unibertsitatea) irakasleak izan baititu zuzendari. Espainian eta Erresuma Batuan egin zuen ikerketa Rodríguez de Verak, Cardiffeko eta Edinburgoko ikerketa-zentro batzuetan lan egin baitzuen. Bere doktoretza-tesiak xehetasunez aztertzen du zer mekanismo sozial, historiko eta ekonomikok eragin zuten nazioarteko arrail ekonomikoa taxutzea eta mantentzea, eta bidezko merkataritzaren mugimendu soziala ere aztertzen du, hau da, gizarte zibilak ekonomikoki orekatua eta jasangarria den nazioarteko garapena lortzeko emandako erantzuna. Gaur egun, Rodríguez de Vera bidezko merkataritzaren eta merkataritza ekologikoaren arloko Eticambio enpresa sozialaren zuzendaria da.