Joan eduki nagusira

zoom José Antonio Hoyos Castañeda, Indian.

José Antonio Hoyos Castañeda, Indian.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak NUP Alumni Nabarmenaren I. Sariaren deialdia egin du, Unibertsitatearen ikasle ohiek hainbat lan-eremutan eduki duten ibilbidea saritzeko. Laugarren saria José Antonio Hoyos Castañedarentzat izan da (Burgos, 1973). NUPeko Telekomunikazio ingeniaria da (1997), eta Anantapurreko Vicente Ferrer Fundazioarentzat lan egiten du kasta baztertuetako gazteei eta familia txiroei hizkuntzak eta komunikazio trebetasunak irakasten dizkien eskola profesional bateko koordinatzaile lanetan. 

Erabakian, epaimahaiak nabarmentzen du saria José Antonio Hoyosi eman zaiola “bere ibilbide profesionaleko merezimendu aipagarriengatik eta zeregin sozial eta humanitarioetan egindako ekarpenagatik”. NUPen prestakuntza jaso izateaz “harro dagoen ikasle”tzat du bere burua sarituak, eta adierazi du ikasle garaiko ikaskuntza akademiko eta pertsonalek garrantzi handia izan dutela bere bizitzan.

José Antonio Hoyosen lanbide eta bizi ibilbidea

Alumni nabarmenak adierazi duenez, hainbat zereginetan aritu da bere lanbide ibilbidean, hala nola “soldatapeko arrunt, enpresaburu, autonomo, langabe, boluntario eta, egun, kooperante”. Bere ibilbidearen hasieran, bi multinazionaletan lan egin zuen, eta “urte askoan autoa eta enpresako txartela, lansari eta komisio handiak izan zituen, bai eta bidaia ugari egin ere”, gogorazi du.

Gero beregain aritu zen, baina orduan hasi zen “barne hustutze”a sentitzen, azaldu du. “Orduan erabaki zuen dena saldu eta Tanzaniara joatea Born to Learn GKEko boluntario gisa”. Afrikako herrialdean bi urtez aritu zen haurtzaindegiko haurrei batuketak eta kenketak egiten eta  irakurtzen eta idazten irakasten, eta gero Vicente Ferrer Fundazioan hasi zen lanean, eta han koordinatzaile aritzen da egun. Kasta eta familia pobreetako haurrentzako ikastetxea da, eta han hizkuntzak ikasteko aukera dute (ingelesa, frantsesa, alemana eta espainiera), informatika eta kontabilitatea. “Ikasleen % 95ek lana aurkitzen dute hurrengo lau hilabeteetan. Harrigarria eta oso aberasgarria da”, ziurtatu du.

Bestalde, azaldu duenez,  Vicente Ferrer Fundazioari emandako Brunet 2017 Sariaren diru-zuzkidura  lan egiten duen ikastetxeari eman zitzaion osorik, eta, alde horretatik, alumni nabarmenak nabarmendu du “diru-zuzkidurari eman zaion erabilera egokiaren eta eskolako ikasleen eta beren familien bizitzari zenbat onura ekarri dion”.

Saria eta epaimahaia

NUP Alumni Nabarmenaren Sariaren helburua da unibertsitate komunitateari, bereziki, eta gizarteari, oro har, ezagutzera ematea zenbateko garrantzia duen unibertsitate prestakuntzak egresatuen garapen pertsonal eta profesionalean, eta, beraz, zer onura ekartzen dituen Unibertsitatean egiten den inbertsio publikoak.

Ekimenaren beste helburu bat da NUPen eta bere ikasle ohien arteko harremana bultzatzea, eta denok instituzio beraren parte garelako sentimendua indartzea. Sari hau lortzen duten pertsonen adibideak balio izango du beren etorkizun profesionalaren kezka daukaten ikasleen pizgarri izateko, baita Unibertsitateak etorkizun horretan jokatzen duen papera nabarmentzeko ere. Ohorezko sari bat da, eta ez dauka esleipen ekonomikorik.

Sariketaren epaimahaiko burua Cristina Bayona Sáez izan da, Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordea; epaimahaikideak, berriz, Joaquín Ansa Erice, NUPeko Gizarte Kontseiluko burua; Unai Hualde Iglesias, Nafarroako Parlamentuaren presidentea; Rafael Rodríguez Trías, NUPeko Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskolako zuzendaria; Iosune Pascual Azcárate, Unibertsitate-Gizarte Fundazioko kudeatzailea; Tomás Rodríguez Garraza, Nafarroako Gobernuko Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, eta Idoya Zabaleta Arregui, A3U programaren zuzendaria.