Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) dibulgazioko 68 hitzaldi eskaintzen dizkie 2019-2020 ikasturte honetan Batxilergoko eta Lanbide Heziketako Nafarroako ikastetxeei. Ekimen horren bidez, zientziari, teknologiari eta giza eta gizarte zientziei buruzko hainbat gai ekarri nahi dira unibertsitate aurreko ikasleengana. Ikastetxeek urriaren 14ra arteko epea dute nahi duten hitzaldia eskatzeko www.charlascientificas.com webgunean. Halaber, programa osorik kontsultatzeko eta eskaera-inprimakia bidaltzeko aukera ematen du webgune horrek. Hitzaldi horietatik guztietatik, gaztelaniaz bestalde, zortzi euskaraz ere eskaintzen dira, 21 ingelesez eta hiru frantsesez.
Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko Errektoreordetzak 2005-2006 ikasturtean abiarazitako hitzaldiok ikastetxean bertan egiten dira, eta Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleei daude zuzenduak. Unibertsitateko 47 irakaslek ematen dituzte hitzaldiak, eta zortzi multzotan banatzen dira: Natura Zientziak (19), Fisika eta Teknologia (31), Matematika (6), Kimika (3), Ekonomia (3), Gizarte Zientziak (3), Zientzia Juridikoak (2) eta, aurtengo nobedade gisa, Hizkuntzalaritza (1). Joan den ikasturtean (2018-2019), 141 hitzaldi eman ziren Bigarren Hezkuntzako Nafarroako berrogei ikastetxetan.
Hitzaldien gaiak
José Basilio Galván Herrera irakasleak Kulturako eta Kiroletako Unitatearekin lankidetzan koordinatutako ziklo hori osatzen duten izenburuetako batzuk honako hauek dira: “Gure elikaduraren bidez mundua aldatzen”, “Zergatik hazten dira zuhaitzak?”, “Klima aldaketaren kontu horrek... ba al du zerikusirik nirekin?”, “Nola ikusten den zure etxea satelite batetik”, “Genomen sekuentziazioaren oraingo eta etorkizuneko aplikazioak”, “4.0 industria: industria-iraultza digitala”, “Hara!, zulo beltz batean erori naiz... hau zoritxarra!”, “Txongilak eta presio-eltzeak: eguneroko bizitzaren zientzia”, “Zure garunak engainatzen zaitu (eta arrazoiak dauzka horretarako)”, “Planeta asko, bai, baina, baten batean bizitzarik bai?”, “Espazioko misioak”, “Kriptografia: isileko gako eta mezuak”, “Zinema eta Matematika hizpide”, “Adimen artifiziala”, “Suteen prebentzioa: kimikaren ikuspegia”, “Biomasa eta bioerregaiak”, “Finantza krisia eta kapitalaren merkatuak”, “Adimen emozionala: emozioak atzeman, ulertu eta adieraztea”, “Giza portaera eta kontsumorako eskubidea” eta “Edozeinek ikas dezake hizkuntza bat? Sinesmena vs Zientzia”.