Joan eduki nagusira

zoom Campus Iberuseko errektoreak, kontseilariekin batera, NUPeko Tuterako campusean.

Campus Iberuseko errektoreak, kontseilariekin batera, NUPeko Tuterako campusean.

Ebroko erdialdeko ibarreko unibertsitate publikoen (Zaragozako, Lleidako eta Errioxako unibertsitateak eta NUP) aliantza estrategikoa den Campus Iberuseko lau unibertsitateetako errektoreak, hura osatzen duten autonomia-erkidegoetako hirutako kontseilariekin batera, gaur (ekainak 18, astelehena) bildu dira partzuergoaren proiektua eta lorpenak erakusteko, bai eta aztertzeko ere nola izan daitekeen bere jardute-lurraldean garapenerako elementu egituratzaile. Campus Iberusen 2017-2020 aldiko Plan Estrategikoa ere aurkeztu da bileran, zeina Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Tuterako campusean izan baita, Alfonso Carlosena NUPeko errektore eta Campus Iberuseko egungo lehendakaria buru zela.

Halaber, autonomia-erkidegoetako gobernuen aldetik, garapen ekonomikoko eta I+G-ko eskuduntzak dituzten zenbait kontseilari egon dira bileran, hain zuzen Pilar Alegría Aragoiko Gobernuko Berrikuntzako, Ikerketako eta Unibertsitateko kontseilaria; Manu Ayerdi Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako lehendakariordea, eta Alberto Galiana Errioxako Gobernuko Hezkuntzako, Prestakuntzako eta Enpleguko kontseilaria. María Ángeles Chacón Kataluniako Generalitateko Enpresako eta Ezagutzako kontseilariak ezin izan du bertaratu, agenda-arazoak direla eta.

Unibertsitateen aldetik, Carlosenaz bestalde, bertan izan dira Julio Rubio Campus Iberuseko lehendakariorde eta Errioxako Unibertsitateko errektorea; Roberto Fernández Lleidako Unibertsitateko errektorea; José Antonio Mayoral Zaragozako Unibertsitateko errektorea; Julio Lafuente Campus Iberuseko lehendakariorde exekutiboa, eta Óscar López partzuergoko zuzendari exekutiboa.

Campus Iberus

Campus Iberus Ebroko erdialdeko ibarreko unibertsitate publikoen (Zaragozako, Lleidako eta Errioxako unibertsitateak eta NUP) aliantza estrategikoa da. Hala, 58.000 bat unibertsitate-ikasle dauzka, graduko 150 titulutan, eta doktoretzako 3.200 ikasle, 78 doktoretza-programatan banatuta. Eskaintza akademikoa 154 master ofizialekin eta 181 titulu berekirekin osatzen da. Bestalde, guztien langileak batuta, 5.400 irakasle eta ikertzaile (I-I) daude, eta administrazio eta zerbitzuetako 3.200 langile (AZL).