

Unibertsitate Kudeaketaren Alderdi Juridikoei buruzko XIII. Mintegiko parte-hartzaileen familia argazkia. Iruñeko Kondestablearen Jauregian ari dira mintegia egiten
Espainiako 33 unibertsitate publiko eta pribatutako 96 legelari eta kudeaketari bilduko dira Iruñean gaur, ekainak 7, osteguna, eta bihar, ekainak 8, ostirala, Unibertsitateko Kudeaketaren Alderdi Juridikoei buruzko XIII. Mintegian. Unibertsitate Zuzenbidea Aztertzeko Elkarteak (AEDUN) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) antolatu dute bilera, eta zenbait gai izango dituzte aztergai, hala nola araudi aldaketak datuen babesean, kontratazio publikoan eta administrazioarekiko auzi jurisdikzioan, eta giza baliabideen kudeaketan ohikoak diren arazoak.
Mintegia gaur inauguratu dute Iruñeko Kondestablearen Jauregian Alfonso Carlosena NUPeko errektoreak, María Isabel Bonachera Ledro, Unibertsitate Zuzenbidea Aztertzeko Elkarteko (AEDUN) buru eta Sevillako Unibertsitateko Kabinete Juridikoko zuzendariak eta Lucía Jimeno Sanz de Galdeano Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zerbitzu Juridikoko zuzendariak.
Bilera honetan aztergai izango dituzte azken lege berritasunak, antolatzaileen iritzian “giltzarri direnak unibertsitateen funtzionamendu zuzen eta eraginkorrerako: datuen babesa, kontratazio publikoa eta araubide prozesala”. “Lege testuari ez ezik, jurisprudentziari ere erreparatu behar zaio, jurisprudentzian baitute jatorria ondorio ustekabekoenek —eta, horrenbestez, garrantzitsuenek—. Beraz, epaitegi nazional eta europarrek ezartzen dute, kasu askotan, administrazio eta kudeaketa jardueraren bilakaera. Horren erakusgarri dira, zalantzarik gabe, giza baliabideen kudeaketaren eztabaida eta eztabaida horrek dituen ikuspegi desberdinak”, antolatzailearen arabera.
Proiekzioa duten topaketak


Mintegiaren inaugurazioa Kondestablearen Jauregian. Ezkerretik eskuinera: María Isabel Bonachera Ledro, AEDUN elkarteko burua eta Sevillako Unibertsitateko Kabinete Juridikoko zuzendaria; Alfonso Carlosena, NUPeko errektorea; eta Lucía Jimeno Sanz de Galdeano, NUPeko Zerbitzuko Juridikoko zuzendaria
Unibertsitate Zuzenbidea Aztertzeko Elkarteak (AEDUN) jada 24 urte daramatza gogoeta praktikoa egiten Espainiako unibertsitateen kudeaketa esparruaren bilakaera juridikoari eta normatiboari buruz. Haren bultzadari esker, unibertsitate publiko eta pribatuetako legelari eta kudeaketariak aldian behin biltzen dira aztertzeko lege aldaketen ondorioak eta eragina irakaskuntza eta ikerketa kudeaketako forma eta metodoetan. Topaketa horiek doktrina eredu izan dira, unibertsitateko esparruan ez ezik sektore publiko osoan. Hala, mintegi hauetatik sortutako ondorio eta kontsiderazioei esker, liburuak argitaratu dira, eta liburu horiek kontsultatzea nahitaezkoa bihurtu da bereziki unibertsitateko zerbitzu juridikoetako eta oro har administrazio kudeaketako kudeaketari eta teknikarientzat.
Mintegia Kondestablearen Jauregian ari dira egiten, eta lau gai multzotan antolatu da: administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren legearen berritasunak eta Prozedura Zibileko Legearen aplikazio subsidioarioa unibertsitatearen esparruan, unibertsitateko giza baliabideen kudeaketan ohikoak diren arazoak, kontratazio publikoaren lege esparru berriaren alderdi aipagarriak eta datuen babesa: lege berritasunak. Horretaz gainera, programaren barruan dago Pilar Teso Gamella Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Aretoko epailaren hitzaldi bat.
Unibertsitate Kudeaketaren Alderdi Juridikoei buruzko XIII. Mintegi honen batzorde antolatzailearen burua Inés Olaizola Nogales Zuzenbide Penaleko katedraduna eta NUPeko idazkari nagusia da. Berak emango dio amaiera bihar eguerdian bilerari. Bileraren programa osoa Nafarroako Unibertsitate Publikoko webgunean dago kontsultatzeko.